Argazkilaria: Bermeoko Udala
Artika auzoan kokatzen ari diren biaduktuko lanak direla eta, abenduaren 5a bitartean ezinezkoa da Askatasun eta Artike bideetan aparkatu. Debeku horren aurrean, tarte horretan, udal azokako aparkalekua doan erabiltzeko aukera ematea proposatu dio udal gobernu taldeari Bermeoko EAJk.
Saihesbideari dagokion lanak “normaltasunez eta arazo barik” jarraitu ahal izateko, aparkatze debekua “beharrezko neurria” dela uste duten arren, “udalerriak dauzkan aparkaleku eskasia kontuan izanik, 100 aparkalekutik gora hilabete batez kentzeak” kezkatu egiten du EAJ. Horien esanetan, “asko izan dira arazo horren berri ematera gerturatu zaizkigun herritarrak”. Hori dela eta, EAJren ustez, Bermeoko Udalak “ezinbestean sortutako arazo honi irtenbidea emateko ahalegina egin beharko luke”.
Hala, Bermeoko EAJk bere proposamena aurkeztu dio udal gobernu taldeari; udal azokako aparkalekuaren erabilera, abenduaren 5a bitartean doakoa izatea, hain zuzen ere. “Modu honetan, kale horietan aparkatzeko debekuaren aurrean, herritarrek beraien autoak uzteko aukera izango lukete eta hainbat aparkatze desegoki eta ondorioz sortu daitezkeen gorabeherak ekidin ahalko lirateke”, azaldu dute EAJtik.
Era berean, EAJtik jakinarazi dutenez, udal azokako aparkalekuaren ordutegia malgutzeko aukera aztertzeko eskaera egin dio udalari, “zerbitzua erabali ahal duten herritarren kopurua ahalik eta zabalena izan asmoz”.