Gizonak eta emakumeak izerdi tantak, besoak, mazeroaren eginbeharrak, ez dira ez erosoak. Burua argi, gorputza sendo, eskuan tinko mazoak, batera joaz gainditzen dira etsaiaren erasoak. Alaitz Areitioren bertsoak dira, eta 2012ko otsailean Fresnesko espetxean buztinarekin Zigor Merodiok egin zuen Mazeroak artelanari egiten diote erreferentzia.
Batek bustinagaz eta harriagaz adierazi gura duena, bertsoekin esaten dute besteek. Zigor Merodio bilbotarrarenak dira artelanak, eta Jon Troitiño donostiarrarenak eta Alaitz Areitio abadiñarrarenak testuak. Preso daude hirurak, elkarrengandik ere sakabanatuta. St. Martin de Re (Frantzia) espetxean dute Merodio; Murtzian (Espainia) Troitiño, eta Rennesen (Frantzia) Areitio. Hala ere, distantzia gainditu eta amankomunezko proiektua burutu dute:
aldharrikatuz.
Buztinarekin adierazi
Gernika-Lumoko Kultur Etxean dago ikusgai erakusketa, urriaren 29a arte. Hainbat eskulturak osatzen dute, eta bakoitzaren azalpena eman gura duten bertsoekin osatu du lagina bilbotarrak.

Buztina lantzen hasi zen Merodio lehenbizi, eta eskulturgile legez egindako lehen lan horiek ere ekarri dituzte Gernika-Lumora. 2006. urtean atxilotu zuten, eta bi urte preso zeramatzala hasi zen eskulturaren munduan murgiltzen, Fresnesko (Frantzia) kartzelan. Hango buztin tailerrean eman zuen izena 2008an, eta han hasi zen buztina moldatzen. Eskulturak egiteari gustua hartu ziola dio Merodiok, eta berehala ohartu zen bere aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko aukera paregabea zuela aurrean. Barrote artean dauden pertsonak edota Euskal Herriko langilegoari aipamen egiten dioten lan-tresnak dira, besteak beste, buztina moldatuz egin izan dituen irudiak.
Fresnesen preso izan zuten garaiko artelanek kartzelarekiko lotura zuzena dute; erakusketaren komisarioek diotenez, “han pairatzen duten egoera itogarriaren lekuko dira”.
Bere militantzia politikoagatik kartzelatu zuten, eta buztingintzaren bidez sentitzen zuena adierazteko aukera izatea “sekulakoa” zen harentzat, “tortillari buelta emateko modu bat”.
Harrigintza

Hala ere, lan egiteko modua aldatu egin behar izan zuen 2012. urtean, Fresnesetik St. Martin de Re espetxera lekualdatu zutenean. Buztinarekin lan egiteko aukerarik ez zuen bigarren kartzela horretan, baina hargile izateko formakuntza profesionala eskaintzen du kartzela horrek, eta ikasgai horretan izena eman zuen. Eskulturarekin jarraitzeko aukera eman zion horrek.
Hala ere, bere sorkuntza aberastu asmoz, bidelagunak bilatu ditu Merodiok. Eta, aipatu bezala,
aldharrikatuz proiektuan parte hartu dute, baita, Jon Troitiño eta Alaaitz Areitio preso politikoek. Bere lehenengo erakusketa da, eta Merodiok ez du bakarrik agertu nahi izan.
Murtziatik eta Rennesetik, irudiei testua ipini diete Troitoñok eta Areitiok. Hala, eskultura bakoitza bertsoekin lagunduta ikusi ahalko du bisiariak Gernika-Lumoko Kultur Etxeko erakusketan.
Eskulturen argazkiak ikusi, eta, Zigor Merodiok buztinarekin eta harriarekin adierazi nahi duena bertsoen bidez esaten dute Troitiñok eta Areitiok.
Formak eta mezuak
Harriarekin egindako lanak dira, gehienbat, kultur etxera ekarri dituztenak. Horietako asko, gainera, ederto landutakoak eta oso esanguratsuak dira: arranoaren irudia, naturaren islada izan nahi duten lanak, edota

txikotari tiraka dabilen gizona ikus daitezke harriaren formei jarraituz gero. Eta horman zintzilikatutako testuek ematen diete bizia:
Esku sendoen bidez heldu herriari/ etorkizuna dugu loturik sokari/ gizon emakumeak egon denok adi/ eutsi diezaiogun gure borrokari.
Eta adierazgarriak dira, baita, Ziripot pertsonaiaren erreplika, edota herri harresia irudikatzen duen harrizko eskultura. Nafarroako pertsonaia ezagun horrek zabaltzen du Gernika-Lumoko Kultur Etxean ikusgai dagoen lagina, bisitariei ongi etorria emanez. Erakusketa gelako sarrera ondoan dago, bestalde, herri harresia izeneko lana.
Aldharrikapena egiten duten gainontzeko forma, irudi eta mezuen zaindari da lan hori.