
Seber Altube ikastolak argi dauka: herri-hizkerak izan behar dira euskara estandarraren “ongarri eta oinarri”. Busturialdean hizkuntza bariazio handia dago, eta horren jakitun egin nahi dituzte bertoko irakasle zein ikasleak. Hala, ikasgeletan gai hori lantzeko tresna berri bat sortu du EUDIA ikerketa taldeak.
Herri batetik bestera desberdintasun ugari daude; hortaz ohartu da, behintzat, hamazortzi udalerritako ikasleak biltzen dituen Seber Altube Ikastola. Orain, irakasleak aldaera eta aniztasun horiez ohartzea bilatzen du. Hartara, ikasleek aurreko belaunaldiek erabili izan duten berba egiteko modua ezagutu dezakete. “Ezagutzea maitatzeko oinarria baita”.
Arbasoen forma horiek baztertu egin direla deritzo ikastolak, eta gai horri arreta gutxi eskaini zaiola kritikatu du. “Gure hizkuntza balioan jarri ez den altxor bat da”. Hala, bertoko euskara hobeto ezagutzea eta eskolan txertatzea du helburutzat egitasmo berriak. “Euskara jasoagoan berba eginda ere, gazte bakoitza bere herriko erregistroa erabiltzeko gai izan dadin”.
EUDIA ikerketa taldea
Gotzon Aurrekoetxearen zuzendaritzapean, EHUko Euskararen Bariazioa Aztertzeko Ikerketa Taldeak (EUDIA) garatu du proiektua, eta hiru ataletan bereizten da: batetik, ikastetxeetako irakasleei bideratutako Busturialdeko euskararen ezaugarri nagusiak modu sintetikoan biltzen dituen liburuxka kaleratu dute; bestetik, ikasgelan bertan hizkuntzaren dibertsitatea jasotzeko eta identifikatzeko ariketak proposatuko dituzte; eta, azkenik, webgune bat diseinatu dute. Aurreko atal bietako materiala jasotzeaz gain, ikasleek egindako galderak eta grabazioak eskegi ahal izango dira webgunean, datorren ikasturtetik aurrera.
«Bertoko hizkeren aberastasuna balioan jarriz, euskara bultzatzea da xedea»

Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolaren enkarguz, eskualdeko euskarak dituen ezaugarriak ikasgeletan lantzeko tresna sortu dute Lorea Unamuno (Aulesti, 1983), Leire Gandarias (Gernika-Lumo, 1987) eta Ariane Ensunza (Gernika-Lumo, 1988) EUDIA Ikerketa Taldeko kideek, Jon Andonio Uriarte Seber Altubeko irakaslearen laguntzagaz. Datorren ikasturtean argitaratu nahi dute ikasgelan lantzeko liburuxka, eta Seber Altube izango da proiektuan parte hartuko duen lehen ikastetxea. Hala ere, egitasmoa Busturialdeko gainontzeko ikastola eta ikastetxeetara zabaltzea da helburua.
Zer biltzen du Busturialdeko euskararen aniztasuna lantzeko tresna berri horrek?
Leire Gandarias. Busturialdeko herrietan aurkitu ditzakegun hizkera ezberdinen oinarrizko ezaugarriak batzen ahalegindu gara. Hartara, gaia ikasgelan bertan lantzeko aukera izango dute ikasleek. Azken finean, gramatika atal ezberdinak batzen ditu.
Ariane Ensunza. Lanean egon badaude Busturialdea baino eremu zabalagoa hartzen duten hizkerak ere. Hala, horien arteko ezberdintasunak ere ezagutarazi nahi izan ditugu: geofrafikoak, adinaren araberakoak, euskara batuaren eraginagatik sortutakoak…
L.G. Horrez gain, ariketa didaktiko batzuk batzen ditu liburuxkak, ikasleek gaia landu ahal izateko.
A.E. Modu horretan, umeak modu praktikoan jabetu daitezke eskualdean dagoen dibertsitate linguistikoaz, ikertzailearen jarrera hartuta.
Zein da proiektuaren helburua?
L.G. Gabezi batean du oinarria proiektu honek. Seber Altubek 16 udalerritako ikasleak batzen ditu, baina gazteak ez dira ohartzen ezberdin hitz egiten dutela.
Lorea Unamuno. Azken finean, bertoko hizkeren aberastasunari balioa emanez, euskara bera indartzea da proiektuaren helburua. Ikastetxeetan euskara estandarra irakasten dute, eta ez gara konturatzen nork bere hizkera baztertzen duela. Horregatik, irakasleek hemengo ezaugarriak ezagutu behar dituzte, bertoko hizkerak ez galtzeko.
Zergatik da garrantzitsua bertoko hizkerak bultzatzea?
L.G. Bertoko berba eta hinkuntza ezaugarri asko galtzen ari dira. Hala, berba eta adiera horiek naturaltasunez erabili daitezen, bultzadatxo bat behar dute eskualdeko hizkerek.
L.U. Adinaren araberakoa izaten da, baina askok guraso edo aitona-amonen hizkera baztertu egiten dute. Ez dira ohartzen bertoko hizkeren altxorrak transmititzea oso garrantzitsua dela.
A.E. Kontua ez da euskalkiak bakarrik bultzatzea; eskolan euskalkiei eurei ere lekua egitea baino. Gero, bakoitzak bereizi behar du noiz erabili euskara estandarra eta noiz euskalkia, erregistroaren arabera.
Noiz erabili behar da euskara estandarra eta noiz euskalkiak?
L.G. Eskolan normalean euskara estandarra baino ez da erabiltzen, eta ez gara ohartzen zein garrantzitsua den bertoko hizkera, gero lagunarteko guneetan erabili ahal izateko. Egokitasuna topatzea da gakoa, baina horretarako biak jakin behar dira.
A.E. Transmisioan eten bat egon bada, eta liburu horren bidez berba horiei bide ematea da gakoa. Askotan ez dakigu berton erabiltzen diren berba asko euskara estandarrean onartuta daudela.
L.G. Mila adiera ditugu gure hizkeran gauzak esateko, eta hurbilekoa hautatu beharrean urrutikora jotzen dugu.
A.E. Gure euskalkiko ezaugarriek, gainera, kolorea ematen diote eskoletan ikasten den euskara estandar horri.
Eskualde mailan nolako arreta eskaintzen zaie gaur egun bertoko hizkerei?
L.G. Nik uste dut orain arte ospe txarra izan dutela bertoko hizkerek. Orain hasi gara konturatzen zaindu eta bultzatu egin behar direla.
A.E. Gaur egun, euskalkiak nagusitzen diren herrietan jendeak ez du begi onez ikusten euskara estandarra. Artifizialtzat jotzen du jendeak, baina ez luke horrela izan behar.
Bertoko hizkerak lantzeko aukera izango dute ikasleek. Liburuxka bidez ez ezik, webgunetik ere landu daiteke, ezta?
L.U. Gaur gaurkoz, behin-behinean funtzionatzen du webguneak. Dena den, webgunetik ere lan egiteko aukera izango dute ikasleek etorkizunean.