Soto del Realen (Madril) espetxeratu dute Iñaki Dominguez
Egueanean Espainiaratu zuen Frantziak preso politiko gernikarra. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok eskatutako Euroagindua medio eraman dute Espainiara Iñaki Dominguez, Frantziak ezarri zion kondena beteta. Haren gertukoek jakitera eman dutenez, 08:00etan atera zuten eguenean Villepinteko (Frantzia) espetxetik, eta Madrila bidaia lasaia izan zela esan zien presoak senideei. Barajasko aireportutik Soto del Real espetxera eroan zuten.
Barikuan eroan zuten gernikarra Eloy Velasco epailearen aurrera; hala ere, Dominguezek uko egin zion deklaratzeari, eta epaileak kartzelara eroateko agindua eman zuen. Bakartze moduluan dute Dominguez, eta horretan baldintzak kaxkarragoak diren arren, presoa egoera onean dagoela esan dute haren familiakoek.
Maiatzaren 31n bete zuen Dominguezek Frantziak ezarri zion lau urteko kartzela zigorra. Hala ere, bi sumario ditu zabalik Iñaki Dominguezek Espainian. Haren senideek azaldu dutenez, Fernando Grande Marlascak zabaldutakoa da bietako bat, ETA erakunde armatuari laguntza emateagatik. Bestea, Eloy Velascok bideratutako sumarioa da, eta ETAri laguntza emateaz gain, armak izatea ere leporatzen dio.