
Dominguezen senide eta lagunak Parisen, epaiketaren egunean
Atzo esan zioten Gernika-Lumoko presoari gaur bertan Espainiaratuko zutela; hala ere, familiak gaur jakin ahal izan duenez, Villepinteko beste presoren batekin kartzelan gaur izan duten arazo bat dela medio, Dominguez ez dute espetxetik atera. Hala, Dominguezen gertukoek ez dakite preso gernikarra noiz Espainiaratuko duten.
Abokatuaren bitartez jakin ahal izan dute Espainiako Auzitegi NAzionaleko epaile Eloy Velascok barikurako deitu duela Iñaki Dominguez deklaratzera. Hala ere, oraindik ez dakite barikurako Espainiaratuko duten ala Frantziak estradizioa atzeratuko duen. Zapatuan bete zuen Dominguezek Frantziak ezarri zion zigorra, eta, berez, zigorra bete eta 10 eguneko epea du Frantziak presoa Espainiara eroateko.
2011ko ekainean atxilotu zuten Dominguez, Modane herrian (Frantzia). ETAko kide izatea egotzita, kartzelaratzeko agindua eman zuen epaileak 2011n, eta 2014ko maiatzaren 2an egin zuten haren kontrako epaiketa. Lau urteko zigorra ezarri zioten, eta, erredentzioak kontuan hartuta, zapatuan bete zuen gernikarrak Frantziak ezarri zion kondena, arestian aipatu legez.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok eskatutako euroagindua onartu zuen Frantziak. Bi sumario ditu zabalik Iñaki Dominguezek Espainian. Haren senideek azaldu dutenez, Fernando Grande Marlascak zabaldutakoa da bietako bat, ETA erakunde armatuari laguntza emateagatik. Bestea, Eloy Velascok bideratutako sumarioa da, eta ETAri laguntza emateaz gain, armak izatea ere leporatzen dio.