
Gernika-Lumoko udaletxea
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren errekerimenduz lehenik, eta epai bidez gero, Espainiako bandera jartzeko agindua jaso dutela azaldu dute Gernika-Lumoko udal arduradunek. Hain zuzen, ekainaren 9ra arteko epea eman dio epaitegiak bandera jartzeko. Gernika-Lumoko Udalak, baina, herritarren borondatearen kontrako neurritzat jo du agindu hori. Udal arduradunen esanetan, “Espainiako bandera zigorraren mehatxupean inposatutako sinboloa da gure erakundean”. Herritar gehienen nahiaren aurka inposatutako neurria dela esan dute, eta herritarren ordezkariaren erabakimenaren kontra jarriko dutela. “Espainiako banderak ez ditu Gernika-Lumotarrak ordezkatzen, eta inposaketaren bidetik bakarrik ikusiko dute ikur hori gure herrian”.
Ikurriñari omenaldia
Inposaketarekiko desadostasuna agertu, eta ikurriña omentzeko deiarekin bat egiteko eskatu diete udal ordezkariek herritarrei. Barikuan egingo dute omenaldia, 19:30ean, Eriabarrena parkean. Omenaldiaren aurretik ez-ohiko osoko bilkura egingo du udalbatzak, 19.00etan.