Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak dantza garaikidea eta multimedia batzen dituen ikuskizun berritzailea hartuko du, gaur (maiatzak 30). Jakinarazi dutenez, Circle Of Trust break dance dantza taldeak eta Logela multimedia taldeak Divenire lana aurkeztuko dute bertoko aretoan. 20:30ean hasiko da ikuskizuna.
Divenire lanak break dance-a, hip hop-a, konposizio garaikidea, eta ikus-entzunezko irudiak uztartzen ditu. Antolatzaileek azaldu dutenez, hortaz, “saio ikusgarria” izango da; bildutakoak aho zabalik uzteko modukoa.
Circle Of Trust-ek eta Logela multimediak elkarrekin egin dute hirugarren lana da Divenire, eta lanik helduena eta landuena dela esan du kritikak. Ikuskizun horretarako, esaterako, zirkuko zenbait teknika erabili dituzte dantza taldekoek. Multimedia taldeak, bestalde, dantzariekin harremanetan jartzen diren irudiak sortu ditu, lanari beste dimentsio bat emanez.
Interesatuek egunean bertan edo aurretiaz eros ditzakete sarrerak. Lizeoko bazkideek 7,5 euro ordaindu behar dituzte, eta gainontzekoek 10 euro.