Dominguezen senide eta lagunak Parisen, epaiketaren egunean
2011ko ekainean atxilotu zuten Dominguez, Modane herrian (Frantzia). ETAko kide izatea egotzita, kartzelaratzeko agindua eman zuen epaileak 2011n, eta 2014ko maiatzaren 2an egin zuten haren kontrako epaiketa.
Frantziako justiziak presoei aplikatzen dizkien erredentzioak kontuan hartuta, 2014ko irailean bete beharko zukeen Dominguezek zigorra; hala ere, zigorra murrizteko egin izan dituen beste zenbait eskaera onartu dizkio epaileak: unibertsitate ikasketak burutzeagatik edota hizkuntzak ikasteagatik, esaterako. Beraz, bihar bertan beteko du gernikarrak Frantziako justiziak ezarri zion kondena.
Bi auzi Espainian
Hala ere, Dominguez ez dute libre utziko, Eloy Velascok eskatutako euroagindua onartu zuelako Frantziak. Beraz, bihartik aurrera, Gernika-Lumoko preso politikoa espainaratzeko hamar eguneko epea izango du Frantziak.
Espainiaratu ostean, epailearen aurrera eraman beharko dute gernikarra, deklaratzeko; eta Eloy Velasco epaileak erabakiko du Dominguez aske utzi ala kartzeleratu.
Bi sumario ditu zabalik Iñaki Dominguezek Espainian. Haren senideek azaldu dutenez, Fernando Grande Marlascak zabaldutakoa da bietako bat, ETA erakunde armatuari laguntza emateagatik. Bestea, Eloy Velascok bideratutako sumarioa da, eta ETAri laguntza emateaz gain, armak izatea ere leporatzen dio.
Senideak, urduri
Gaur egun, Villepinteko (Frantzia) espetxean dute preso Iñaki Dominguez, bere bizilekutik 800 bat kilometrora. Familiak azaldu duenez, urduri daude. «Bihar beteko du bere zigorra eta ez dakigu noiz espainiaratuko duten. Beraz, ez dakigu asteburu honetan bisitarik izango dugun».
Gainera, lehenago espainiaratu ezean, hurrengo asteburuan ere egoera berean legozkeela azaldu dute Dominguezen senikeek. «Espainiara bidaltzen dutenean abisatuko ote diguten ere ez dakigu», kexu dira. Ezjakintasun horrek, gainera, ezinegona sortzen duela azaldu dute; baita presoaren berririk noiz izango duten ez jakiteak ere.