Zapaturako (hilaren 31a)musika emanaldi berezia antolatu du Gernikatik Mundura elkarteak. Jakinarazi dutenez, amazigh musika ezagutzeko aukera izango dute eskualdeko herritarrek. Rif-eko lurretan (Afrika iparraldean) bizi den Amazigh herria bereber izenagaz da ezagunagoa, baina adiera horrek beraien kultura gutxiesten duela deritzote hango herritarrek. Izan ere, bereber berbak “basatia” esan nahi du.
Afrika iparraldeko doinuak Twattoun taldeari esker helduko dira Gernika-Lumora. Talde horrek urte askotako esperientzia dauka, eta amazigh musikaren munduan talde garrantzitsua eta arrakastatsua da. Hala, zapatukoa RIFeko musikaz gozatzeko aukera paregabea dela deritzote antolatzaileek.
Twattoun taldeak aldarrikapen kantak jotzen ditu, amazigh-tarren egoeraren eta horien arazoen berri emanez. Jokin Alberdi Gernikatik Mundurako kideak azaldu duenez, “Afrika iparraldeko folk musika jotzen dute, letra oso sakonak eginez”.
Musika taldeko kideek oso ondo ezagutzen dituzte Rif-eko biztanleen arazoak. Taldeko liderra, esaterako, kartzelan sartu zuten 70eko hamarkadan. Garai hartan, Marokoko erregimenaren errepresioa oso handia zen, eta kartzelan amaitu zuen musikariak. Errefuxiatu bezala Espainian sartzea lortu zuen kartzela utzi ostean, eta bertan bizi da ordutik.
Kontzertua 22:00ak aldera hasiko da. Bestalde, Astrara hurbiltzen direnek pintxo morunoak dastatzeko aukera ere izango dute.