Gernika-Lumoko EAJk maiatzean ohiko osoko bilkurarik ez deitzea salatu du. Jeltzaleen berbetan, gairik ez dagoelaren aitzakipean hartu du erabaki hori EH Bilduren udal gobernuak, baina eztabaidarako gaiak “egon badaude”.
EAJren ustez, udal aurrekontua adibideetako bat da. Izan ere, oraindik ere Gernika-Lumoko Udalak ez du 2014rako aurrekontua onartu. “Are larriagoa, udal gobernuak ez du ezta zirriborro bat aurkeztu ere”. Horregatik galdegin du EAJk, ez ote den hori maiatzeko osoko bilkura ez egiteko arrazoi nagusia. “Horrenbesteko lotsa sentituko dute oposizioaren galderei laster egongo dela erantzutean?”. Izan ere, jeltzaleek salatu dutenez, erantzun bera jaso dute “azken sei hilabetetan”.
Maiatzean landu beharreko beste zenbait gairen artean, desjabetze kasuetarako protokoloa, eta turismo bulegoaren eta Imago city Sevillako enpresaren arteko kontratuari buruzko azalpenak aipatu ditu EAJk.