
Izaskun Bilbao Bermeon, hauteskunde kanpainan
Europan beste bost urte egingo ditu Izaskun Bilbaok (Bermeo, 1961), eta lan ildoak eta betebeharrak zehaztuta ditu dagoeneko.
Europan jaraituko duzu, zertan jarriko duzu indarra? Aurreko legegintzalditik ezer pendiente al duzu?
Bai, badaude zenbait gai berriro berreskuratu behar ditugunak. Baina, aipatu nahiko nuke baita lan egiteko modu berarekin jarraituko dugula. Sarean lan eginez, han egiten ditugunak jendeari helarazteko eta beraiekin partekatzeko. Bost urtetan izan dudan frustrazioa izan da gure lana aukeztea eta horri buruz hitz egitea oso zaila izan dela. Hori da, erronka eta jendeak behar duena. Egia da herritarrak Europa urrun sentitzen duela, eta normala da. Nik neuk ere ikusten dut zein zaila den lan hori herritarrei hurbiltzea. Jendeak ikusi behar du, eta neurtu, bakoitzak Europan zer egiten duen. Beraz, nire ustez, hori da gure erronka. 116 ekimen ditugu, eta, ildo beretik jarraituta, mahai gainean blokeatuta gelditu diren ekimenak berreskuratu nahi ditugu.
Gizarte politiketan hobekuntzak beharrezkoak direla aipatu izan duzu kanpainan.
Bai, hala da. Amatasun eta aitatasun baimenak luzatzeko lan egin dugu Legebiltzarrean, baina gai hori ere blokeatuta dute. Estatu askok ez dute nahi ez amatasun ezta aitatasun baimenak luzatzerik Europa mailan. Baina guk uste dugu holako erabakiak Europa mailan hartu behar direla.
Hezkuntzaren eta osasunaren arloan ere politika bateratuak exijitu dituzu.
Hala da, guk sinistu egiten dugulako Europak eredu sozial sendoa behar duela, eta gizarte eredu horren barruan gutxieneko batzuk bete beharko lituzkete herrialde guztiek: hezkuntzan, osasun arloan, gizarte segurantzan, pentsioen arloan… Etorkizunean Europako herritarren mugikortasuna handiagoa izango da, eta bizimodua erraztu behar diegu.
Euskal Herrian EH Bildurekin botoen %50 zenbatu duzue; Espainian gora egin du IUk, indartsu sartu da Podemos… Zuen politikak aurrera ateratzeko elkarlana posible ikusten duzu?
Bakoitzak bere taldea du, eta bakoitzaren lana eta talde lana hartu beharko dugu kontuan. Baina txosten batek zenbat eta jende edo talde gehiagoren babesa izan, errazagoa izango da proposamenak aurera ateratzea, eta errazagoa Europa eraikitzea.
Eta hizkuntza zein autodeterminazio eskubideen alde lan egiteko errazago izango duzuela uste duzu?
Hizkuntza eskubideari dagokionez, hizkuntza gutxituen eta estaturik gabeko nazioen barne taldea sortu genuen 2009an, eta hizkuntza gutxituen aldeko txostena onartu genuen Legebiltzarrean, lehenengoz. Aurrerapauso handia izan zen. Autodeterminazio eskubideari dagokionez, barne taldearen azken bilkuran onartu genuen Estrasburgoko adierazpena deitzen duguna. Espainiak eskubide horrekiko eztabaida edo kontsulta egiteko aukerarik ez du ematen. Beraz, gure ustez, estatu batek irtenbiderik nahi ez duenean Europak ahalbidetu beharko lituzke irtenbideak.