'Nordic walking' saioan parte hartzeko aukera egongo da zapatuan Bermeon
Hain zuzen, Bermeoko Udal Kirol Patronatuak eskaintzen duen Zapatu Kirolari ekimenaren baitan izango dute Nordic walking egiteko aukera 12 urtetik gorako herritarrek. Zapatuan 11:00etan batuko dira parte hartzaileak horretarako; hasieran teknikari buruzko azalpenak emango dituzte, eta horien ondoren ekingo diote ibilbideari, ikasitako praktikan jarriz.
Bastoien laguntzagaz egiten den martxa erregularra bezala da ezaguna Nordic Walking-a. Berau praktikatzea “osasuntsua” dela deritze Kirol Patronatukoak; izan ere, “ahalmen kardiobaskularra hobetzen du, bizkarraren muskuluak indartzen ditu eta osteoporosia saihesten du”.
Gauzak horrela, eta ekainaren 22an Bermeoko ermiten martxa egingo dutela kontuan hartuta, Nordic Walking saioan parte hartzeko deia egin die Kirol Patronatuak herritarrei.
Kirol Patronatuak jakinarazi duenez, 50 lagunek parte hartu ahal izango dute eta horientzako bastoiak antolatzaileek utziko dizkiete. Parte hartzaileen artean, Araneko kiroldegiko abonatuek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek, berriz, 10 euro.