Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina amaitzear dela, Bermeon eta Gernika-Lumon izan dira EAJko kideak. Euskaldunek Europan behar duten ordezkaria Izaskun Bilbao dela argi utzi dute herri horietan, beraien ustez, «langilea delako, eta hori erakutsi izan duelako bertan eman dituen urte guztietan».
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramalea
Barikuan Bermeon izan ziren eta, beraien ahaleginak, besteak beste, bajurako arrantzarako europar definizioa ezartzean jarriko dituztela adierazi zuten. Horregaz batera, euskal atun-ontzien garrantziaren araberako eginkizun instituzionala lortzeko eta espezien epe luzerako planak Europar Parlamentuak onartzea erdiesteko lan egingo zutela ere azaldu zuten jeltzaleek. Era berean, arrantzaleek sektorearen jasangarritasunaren alde egin duten ahalegina aldarrikatuko dutela Europan, eta itsasoko emakumeen eskubideen alde lan egiten jarraituko dutela aipatu zuten.
Gernika-Lumon, bestalde, atzo batu ziren Foru plazan. Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko presidentziako bozeramaileak bertan esan zuenez, “ekonomia suntsitu dute PPk eta PSOEk ekonomia suntsitu dute eta, horren aurrean, enplegua sustatzeko politikak egin ditu EAJk”. Bizkaiko Foru Aldundia ipini zuen horren adibide, eta Autzaganen eta Solluben egiten ari diren tunelak aipatu zituen. Europara eramango dituzten hiru konpromiso zehaztu zituen jeltzaleak: Lana, erantzukizuna eta hurbiltasuna. Bestalde, enplegua sustatzeko Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok herrian ez duela ezer egin esan zuen Rementeriak, eta Muxikako poligonoa beharrezkoa izan arren, Muxikako alkateak geldiarazi izan duela kritikatu zuen Rementeriak.
EAJkoen ekitaldian, Totorikagunako langileak izan ziren Foru plazan, pankartekin beraien egoera salatuz.