Printzipioz, abenduaren 23an, 24an, 30ean, 31n eta urtarrilaren 4an, 7an eta 8an egingo dute greba Gernika-Lumoko supermerkatu horretako arropa dendako eta janari dendetako langileek. Horren harira, ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzera deitu dute hilaren 23an. 12:00tan jarri dute hitzordua, Merkurio iturrian.Azaldu dutenez, hilabete bi eta erdiko soldata zor die enpresak. Gainera, hasiera batean soldatak %33 jaisteko proposamena egin zien enpresak, ondoren %25ekoa eta azkenik %20koa. Azken proposamen hori onartu ezean, kaleratu egingo dituela esan die enpresak. Halaber, salatu dute ezartzen dieten hitzarmeneko (Bizkaiko elikagai-merkataritza hitzarmena) igoerak ere ez dizkietela aplikatu, eta, beraz, soldata jaitsiera benetan %22koa izango litzatekeela.
Enpresaren planteamendua ez dutela ez ulertzen ez onartzen esan dute langileek. Izan ere, soldaten jaitsieraren ondorioz kobratu barik geratutako diru hori berreskuratu ahal izango duten ez diete azaldu, ezta zein hitzarmen ezarriko dieten ere. Halaber, proposatutako jaitsiera hori bakarra izango den ere ez dakite, eta ez diete azaldu jaitsiera horri esker enpresak aurrera jarraitzeko aukerarik izango duen. Enpresak esaten dien bakarra da soldaten %20ko murrizpena onartu ezean enpresa zarratu beharko dutela edo kaleratu egin beharko dituztela.
Diotenez, iaz irabazkiak eduki zituen enpresak, txikiak izan arren. Hortaz, enpresak etorkizuna izan baduela uste dute langileek. Hori dela eta, euren lanpostuak defendatuko dituztela diote, baina ez edozein preziotan. Hala, negoziatzeko esertzeko eskatzen diote enpresari.