‘Herritmo’ ikuskizuna
Oreka TX, Kukai dantza konpainia eta Kalakan hirukotea. Hiru talde entzutetsu horiek oholtza gainean bat eginda ikusteko aukera dakar abenduaren 27ak, orduan taularatuko baitute Herritmo izeneko ikuskizun estreinatu berria Gernika-Lumon. Oholtzara elementu tradizionalak eraman, eta indarraren eta orekaren inguruan hausnartu nahi izan dute hiru taldeek, proposamen garaikide bat eginez. Herri kirolak arte sorkuntzaren esparrura eramanda, ikuskizun bihurtu dituzte, soinua eta arnasa izanik lanabes nagusi; erritmoa, alegia.
Horretarako, lanbideen mugimenduak koreografia bihurtu dituzte, eta baserriko lanabesak soinu tresna modura erabili. Hartara, bakoitzak bere alorreko ekarpena eginez, ikuskizuna talde lanean eratu dute Oreka Tx taldeko kideek (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak, eta Mixel Ducau, Juan Jose Otxandorena eta Iñigo Egia musikariak), Kalakan ahots eta perkusio taldeak (Thierry Biscary, Jamixel Bereau eta Xan Errotabehere), Kukai dantza taldeak (Jon Maia, Nagore Indakoetxea, Nerea Vesga, Urko Mitxelena eta Alain Maia) eta Anne Anza (Dantzaz konpainia) eta Noemi Viana (Anakrusa konpainia) dantzari garaikideek.
Harkaitz Martinez de San Vicentek esan duenez, helburua ez da izan herri kirolak plazatik ateratzea, baina bai foku baten azpian jartzea, «ikuslea eroso dagoen leku batean, soinua eta arnasa ondo entzungo diren lekuan». Dioenez, jakin badakite «leku hori ez dela naturalki herri kirolena, baina zergatik ez jarri hor?».
‘Herritmo’
- Non. Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan.
- Noiz. Hilaren 27an, 20:30ean.
- Prezioa. 12 euro aurretiaz, eta 15 euro lehiatilan. Kutxabanken orotariko kutxazainetan, Auzokoa tabernan, kultur etxean eta turismo bulegoan eros daitezke sarrerak.