Arroz kiloen truke jaon ahalko da saiora
Hiru arroz kilo ume bakoitzak, eta bost arroz kilo heldu bakoitzak. Hori izango da hilaren 26rako Xaiborrek antolatutako ongintzazko galara sartzeko ordaindu beharrekoa, dirurik ez baita onartuko. Batutako arroz kiloak Elikagaien Bankuak Lurgorri auzoan daukan biltegira eramango dituzte, beharrizana daukaten gernikarren artean banatzeko ondoren.
Umeei zuzendutako ikuskizun «dinamiko» bat prestatu du Xaiborrek egun horretarako, eta, esan duenez, helburua ez da umeak saio baten inguruan batzea, baizik eta elkartasunaren balorearen garrantziaren inguruko kontzientzia piztea gazteenengan. Hartara, ez dute sarrerik salgai jarriko, «ez aurretiaz ezta bertan egunean ere». Xaiborrek dioenez, sistema horregaz «umeei erakusten diegu gauzak ez direla beti diruagaz erosten, eta trukea ere eraginkorra dela».
Ordubeteko saioan, musika eta dantza uztartuko dituzte. Umeentzat diskoko hiru abestigaz zabalduko du Xaiborrek ikuskizuna, eta Ross dantza taldearen erakustaldia egongo da ondoren. Handia diskoko Anne abestu ostean, Elai-Alaiko dantzariak igoko dira oholtzara, eta Xaibortxiki diskoko kanta bigaz amaituko da gala.
Atera orduko, dena den, zortzi hazbeteko tablet elektroniko baten zozketa egingo dute. Irtetzerakoan, gainera, poster erraldoi bana, Umeentzako disko berria Xaiborrek sinatuta eta gozoki poltsa bana jasoko dute umeek.
Arrozaren gala express
- Non. Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian.
- Noiz. Abenduaren 26an, 17:00etan.
- Prezioa. Hiru arroz kilo umeek, eta bost arroz kilo helduek.