Olentzero eta Mari Domingi. Argazkia: Txebi Arriaga
Gabon eguna heltzeko gutxi falta da dagoeneko, eta Euskal Herriko ikazkin famatuena eta Mari Domingi menditik bajatzear daude. Hain zuzen, hilaren 24an eta 25ean banatuko dituzte opariak bertoko umeen eta helduen artean, baina gutunak jaso beharko dituzte lehenago. Horretarako, Olentzerok eta Mari Domingik Busturialdea bisitatuko dute hilaren 23an eta 24an. Hala, egun handia heltzeko irrikitan dauden umeekin batuko dira.
Olentzero herri guzti-guztietan izango da egunotan. Herri batzuetara bakarrik joango da, baina beste hainbatetan Mari Domingiren laguntza izango du. Hori bai, ohi bezala, Olentzero kantu eta musika artean elkartuko da umeekin. Hala, jai giroaz gozatzeko aukera izango dute ume zein nagusiek. Hilaren 24ko iluntzean umeekin batu ostean, bestalde, opariak banatuko dituzte, gauaren babesean. Betiko legez, Gabon gaueko momentu magikoena izango da berori txikientzat.
Auzoz auzo, baserriz baserri
Olentzerori harrera egiteko modurik bereziena Busturialdeko zenbait herri txikietako herritarrek proposatutakoa izango da. Izan ere, Gabon egunean auzoz auzo eta baserriz baserri kantatzeko ohitura mantentzen dute zenbait herri txikitan. Arratsaldetik kantuan arituz, hortaz, egun eder bat pasatzeko aukera izango dute herri horietan.
Muruetako eta Ibarrangeluko herritarrak ariko dira kantuan auzoz auzo. Muruetarrek 15:30ean jarri dute hitzordua, eta ibarrangelutarrak 16:30ean batuko dira, Eleizalde auzoko plazan. Beste zenbait herritan ere Gabon kantak abestuko dituzte herritarrek, Olentzerori merezi duen harrera egiteko. Foruan, musikak eta kantuek garrantzia berezia izango dute Gabon egunean.
HERRIZ HERRI:
Ajangiz
- Abenduak 24. 19:00etan, Olentzerori eta Mari Domingiri ongi etorria eta gaztaina jana, Mendietako plazan.
Arratzu
- Abenduak 24. Arrola menditik jaitsiko da Olentzero, astoagaz eta laguntzaileekin, eta 18:30ean plazan elkartuko dira umeekin, eta abestu egingo dute. Amaitzeko, opari batzuk banatuko ditu frontoian.
Bermeo
- Abenduak 24. Herriko kaleetan zehar ibiliko da ikazkina, 17:30etik aurrera. 19:00etatik aurrera Bermeotarrak fanfarreak alaituko du giroa.
Busturia
- Abenduak 24. Axpe auzotik abiatuta, Olentzero herriko umeekin batuko da, 16:00etik aurrera. Axpe, San Bartolome eta Altamira auzoetatik pasatu ostean, San Kristobal auzoan amaituko du bere ibilbidea.
Ea
- Abenduak 24. Natxitua eta Bedarona auzoetara 18:00ak aldera helduko dira Olentzero eta Mari Domingi. 19:30ean, bestalde, Eako herrigunera joango da bikotea. Plazatik hasita, kalejira egingo dute bildutakoek.
Elantxobe
- Abenduak 24. 17:00etan harrera egingo diote Olentzerori, Bidebarri Puntan. Handik kalejiran bajatuko da portura. Amaieran, txokolate jana egingo dute bildutakoek, kofradian.
Ereño
- Abenduak 24. 19:00etan helduko da Olentzero Eleizalde auzora. Umeekin batuko da ikazkina eta elkarrekin zenbait abesti kantatuko dituzte.
Forua
- Abenduak 24. 10:00etan udaletxe aurretik hasita, abesten ariko dira herritarrak, eta 17:00etan ongi etorria egingo diote Olentzerori, udaletxe aurrean.
Gautegiz Arteaga
- Abenduak 23. 15:00etatik aurrera, kalejira Olentzerogaz batera, kanta kantari; ostean, txokolate jana.
Gernika-Lumo
- Abenduak 24. Lumotik datorren ikazkinari harrera, 18:00-etan, Andra Mari elizaren atzeko aldean. Kalejira egin ondoren, jaialdia Pasealekuan. Gaztaina erreak egongo dira.
Ibarrangelu
- Abenduak 24. Eleizalden hasita, herritarrek gabon kantak abestuko dituzte herrian zehar, 16:30etik aurrera. 18:30ean, Olentzero eta Mari Domingi eliza ondoan elkartuko dira umeekin. Ostean, gaztaina erreak.
Kortezubi
- Abenduak 24. 18:00etan helduko da Olentzero Oma auzora.
Mendata
- Abenduak 21, bihar. 17:30etik aurrera Mendatan izango da Olentzero. Magiaz eta ilusioz beteriko arratsaldea izango dela eta, parte hartzeko deia egin diete umeei.
Morga
- Abenduak 24. 16:30etik 19:00etara, umeentzako puzgarriak eta ipuin kontalaria, Andra Mari auzoko frontoian. 19:00etan argazki lehiaketako sari banaketa egingo dute, eta ostean Olentzero umeekin batuko da. Gozokiak eta gaztainak jateko aukera izango dute bildutakoek, trikitixagaz alaituta. Bestalde, egun guztian zehar zabalik egongo da argazki lehiaketako erakusketa.
Mundaka
- Abenduak 24. 17:30ean, Erreka auzora joango da ikazkina. Ondoren, herriko kaleetatik barrena ibiliko da. Gabonak zoriontzeko eta herritarrak agurtzeko, udaletxeko balkoira igoko da, eta Gazte-Zar dantza taldeko umeen dantza saioa egongo da, plazan. Gaztaina erreak jateko aukera ere egongo da.
Murueta
- Abenduak 24. 15:30etik aurrera, auzo eta baserri guztietatik kantuan ariko dira ume eta helduak. 20:00etan harrera egingo diote Olentzerori, Eleizalde auzoko plazan. Zenbait opari banatuko ditu ikazkinak.
Muxika
- Abenduak 24. 18:00ak aldera, Kurtzero auzoko frontoitik Zubieta Errota eraikinera bajatuko da Olentzero. Zubieta Errotako plazan harrera egingo diote, dantza eta musika artean. Gaztainak jateko aukera izango dute bildutakoek.
Nabarniz
- Abenduak 24. 19:00etan helduko da Olentzero herriko frontoira, eta gozokiak banatuko ditu umeen artean.
Sukarrieta
- Abenduak 24. 18:00etan, Olentzerogaz eta Mari Domingigaz batuko dira umeak herriko parkean, eta handik Ander Deuna plazara joango dira. Kantu artean eta giro onean hartuko dituzte ikazkina eta Mari Domingi.