Datorren urtea ez da erraza izango Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako arrantzaleentzat. Europako Batasuneko arrantza arduradunek 2014rako
txitxarroaren kuota murriztu dute, eta horrek gorabehera handiak ekarriko ditu. Eta kezka.
Izan ere, sarritan txitxarroaren arrantzuari esker ateratzen du baxurako flotak hilabetea aurrera. «Batzuek hegaluzetara joatea uzten dute, txitxarroa arrantzatuta bizimodua atera daitekeelako», azaldu dute Ondarroako Kalare Deuna kofradian. Sardinaren arrantzuak behera egiten duenean ere, txitxarroa izan ohi da harrapatzen dena. Azken asteak dira horren lekuko zuzenak. Izan ere, inguruko portuetan txitxarro asko saltzen da, eta Europaren erabakiak «zer pentsatua emango dio txalupa askori».
Kuotaren murrizketa tarteko, Kantauri itsasoko ontziek 16.582 tona txitxarro arrantzatu ahal izango dituzte, aurten baino %26 gutxiago.
Europako Batasuneko arrantza arduradunen arteko akordioa ohikoa baino arinago ailegatu da: behingoz ministroek ez dute ordu txikietaraino itxaron ados jartzeko. Dena dela, ez da hain erraza izan. Lituaniako lehendakaritzak egindako proposamena atzera bota zuten Espainiak, Frantziak, Erresuma Batuak, Portugalek, Irlandak eta Belgikak. Ordu gutxira egindako bigarren proposamen bat adostu zuten.
Negoziazio «bikaina»
Miguel Arias Cañete Espainiako Nekazaritza eta Arrantza ministroa «poz-pozik» azaldu da lortutako akordioagaz, eta «Espainiaren negoziazio bikainari» leporatu dio hainbat espeziatan gehiago arrantzatu ahal izatea. Bereziki harro agertu da legatzagaz lortutako «igoera ikusgarriagaz»:
Bizkaiko Golkoan 9.418 tona legatz arrantzatu ahal izango dute bizkaitarrek, gipuzkoarrek, galiziarrek, asturiarrek eta kantabriarrek, aurten baino %49 gehiago. Hein horretan handitu da Eskoziako mendebaldeko eta Irlandako kuota ere.
Igoera izango da zapoan: 1.367 tona Bizkaiko golkoan (+%15) eta 1.230 Irlandan (+%15). Are handiagoa da Espainiaren kuota bakaladan, %42koa Ipar Atlantikoan eta %114 beste uretan.
Gora egingo du berdelen arrantzak ere, %28 Kantauri itsasoan, Portugalen eta Cadizko golkoan (29.019 tona). Kuota hori, baina, behin-behinekoa da, eta gora egingo duela iragarri dute.