Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Lurren Funtsak bederatzi lursail gehiago banatu ditu gaur goizean. Hain zuzen, Loiun eta Mundakan banatu dituzte; guztira, 20,4 hektarea. Bederatzi gazteren artean banatu dituzte; horien artean, Asier Elgezabal eta Xabier Martikorena bermeotarrek eskuratu dute lur sail bana. Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiaren eskutik jaso dute lur saila lantzeko baimena.
Lursailak jaso dituzte bederatzi gazteak, gaur goizean.
Bederatzi gazte onuradun horiek nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerei ekiteko aukera izango dute lur horietan. Elgezabalek, esaterako, okel-aziendaren hazkuntzarako erabiliko du berari dagokion zatia. Horretarako, ehun bat behi, bigantxa, txahal eta zezen izango ditu bertan. Aldundiak jakinarazi duenez, bere ustiategia handitu nahi du laster bermeotarrak, “amak erretiro aurreratua hartzen duenean haren lurrak eta azienda hartuko baititu”.
Martikorenak, bestalde, barazki eta fruta ustiategi ekologikoa jarriko du bi berotegigaz eta aire zabaleko ortuagaz; kontsumoko taldeak sortzea eta produktu otzarak saltzea baita bere nahia.
Laugarren fasea gaurkoa
Laugarren aldia da Aldundiko Nekazaritza sailak martxan jarritako Lur Bankuak lur sailak banatzen dituena: 2011ko abenduan egin zuten lehen fasea eta 31 hektarea 7 lurzatitan banatuta eman zituzten Busturian eta Bermeon; 2012ko ekainean egin zuten bigarren fasea eta horretan 6 hektarea biltzen dituzten lau lursail banatu zituzten Busturian eta Galdamesen; hirugarren fasea, azkenik, aurtengo otsailean egin dute, 16 hektarea 3 zatitan banatuta Mundakan eta Arrankudiagan. Geroztik, gazte horiek erabilera anitz eman dizkiote: nekazaritzako, abeltzaintzarako, bazka-laboreetarako…
Orain, laugarren fasea burututa, bosgarrenari eutsiko diote. Aldundiak jakinarazi duenez, martxoaren 1ean zabalduko dute bosgarren esleipena eskatzeko epea.