8 eta 13 urte bitartekoei zuzendutako Gabonetako Marrazki lehiaketa egingo dute Bermeon zapatuan
Bermeoko Barrueta Arte Elkartearen laguntzaz, BM supermerkatuak Gabonetako Lehen Marrazki lehiaketa antolatu du zapaturako.
8 urtetik 13 urtera bitartekoei zuzendutako lehiaketa izango da, eta gaitzat Olentzero izango dute. Horretarako, kultur etxean batuko dira; 10:30etik 11:00etara, orriak banatuko zaizkie parte hartzaileei, eta 12:00etatik 13:00etara bitartean jasoko dituzte umeen lanok.
Horien artean hiru onenak sarituko ditu Barrueta Arte Elkarteak osatutako epaimahaiak; hala, lehenengo eta bigarrenak Wii bideokontsola bana eskuratuko dute, eta hirugarrenak, barriz, otzara eder bat. Sari banaketa hilaren 23an, astelehenean, egingo dute 19:00etan BM supermerkatuan.
Gainera, egun horretatik aurrera, parte hartzaile guztien marrazkiak izango dira ikusgai supermerkatuan bertan.