
Busturialdeko Ur Partzuergoak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lehen pausoa eman dute, eskualdean udako ur agorraldiak ekiditeko. Iratxe Arriola bertoko partzuergoko presidenteak azaldu duenez, Eskualdeko Ekintza Planaren hitzarmenaren zirriborroa jaso dute, eta, orokorrean, hitzarmenagaz ados daude. Hala ere, zenbait gai eztabaidatu beharko direla deritzo presidenteak, zenbait puntugaz ez baitaude ados.
Desadostasun nagusiena, plana garatzeko ardura nork izango duen da. Hitzarmenaren ziriborroak dioenez, plana Eusko Jaurlaritzak idatziko du, baina Busturialdeko Partzuergoak ez du bidezko ikusten hala egitea. Izan ere, plana kudeaketzeko eskumena ur partzuergoarena dela esan du presidenteak. “Busturialdea inork baino hobeto ezagutzen du ur partzuergoak, eta logikoa iruditzen zaigu plana idazteko ardura gure gain hartzea”.
Ur partzuergoak inork baino hobeto ezagutzen du Busturialdea, eta logikoa iruditzen zaigu plana idazteko ardura gure gain hartzea”
Jaurlaritzak kontratatutako enpresak ere, bertoko teknikarien proposamenekin bat egin dutela jakinarazi du Arriolak. Hala, ez du ulertzen jaurlaritza zergatik gidatu behar duen proiektua. Saneamenduko ekintza plana idazteko ardura ere, partzergoak hartu zuen, eta, horregaz batera, Patronatuaren PRUGak ere horrela egin beharko litzatekela dio. Hala, bertoko teknikarien proposamena aldatu behar duten galdegin du presidenteak.
Agorraldi garaietarako plana idaztea lehentasun bat da ur partzuergoarentzat. Hala, lehenbailehen batu nahi dute Aldundiagaz eta Jaurlaritzagaz proiektuaren nondik-norakoak eztabaidatzeko. “Politikariak eta teknikariak batuz, patxadaz egin behar dugu berba, ur eskasia arazo larria baita”.
Bi modu ur eskasiari aurre egiteko
Arriolaren berbetan, partzuergoko teknikariek aurre-txosten bat egin zuten uztailean. Txosten horren eta Jaurlaritzaren teknikarien arabera, agorraldi garaiei aurre egiteko bi modu daude bakarrik. Lehenengo aukera, Zadorratik ura ekartzea izango litzateke. Horretarako, hodi biltzaileak lotu beharko lituzkete Zornotzako ur sarera.
Bigarren aukera, eta “egokiena”, bestalde, Oiz menditik ura ekartzea da, bertoko mendiaren barrenean ur pilaketa handia baitago. “Ura maldan behera helduko litzateke eskualdeko herrietara, eta, horrenbestez, aukera merkeagoa izango litzateke”.
Ura Oizetik hartzea merkeagoa izango litzateke, ura maldan behera helduko bailitzateke eskualdeko herrietara”.
Busturialdeak uda garaian bakarrik izaten ditu arazoak ur horniduragaz. Opor garaietan, bertoko populazioa hirukoiztu egiten da, ur asko kontsumituz. Gainera, euri gutxiago egiten du, eta horrek zuzenean eragiten du bertoko ur baliabideetan. Hala, erreketako ur emariak nabarmen egiten du behera, bertoko ekosistemak kaltetuz.
Hori guztia dela eta, ekintza plana martxan jartzea “albiste oso positiboa” dela deritzo Arriolak. Hala, plana lehenbailehen garatzea eskatu, ekarlana oinarritzat hartuta. “Guztion artean martxan jarri beharreko proiektu bat da”.