Enplegu eta negoziazio kolektiboaren defentsan, lan harreman eredu barri baten alde lelopean kalera aterako dira gaur arratsaldean Bermeon, LABek deitutako mobilizazio egunagaz bat eginda. Goizean, Markina-Xemeingo Arkupean bildu dira elkarretaratzean 40 bat lagun, eta arratsaldean Bermeon, Ondarroan eta Lekeition egingo dituzte mobilizazioak; lehenengo bietan 19:30ean eta Lekeition 20:00etan.
Lekeition gaur goizean izandako elkarretaratzea
LABen arabera, «langabezia eta herritarren pobretze progresiboa gure herriko arazorik larriena da»; izan ere, sindikatuak jakinarazitako datuen arabera, «azken bost urteotan 203.000 lanpostu baino gehiago suntsitu dira». Horrez gain, azken urtean estatu espainolean aberatsen kopurua %13 igo dela esan dute, eta luxuzko kontsumoa ere igo egin dela. Beraz, dirua badagoela dio LABek. Hala, langabezia eta pobrezia ez direla krisiaren emaitza naturala dio, «ezartzen diren politiken emaitza zuzena baino».
Gainera, lanean egotea ez dela bermea gaur egun baldintza duinak izateko azaldu du. «Hitzarmenak ez dira errespetatzen eta ordu gehiago lan egin behar dira; hori guztia lan erreformaren errua da», diote. Hala, langabezia eta pobrezia «arazo politikoak» direla argi du, «langabeziak gora egiten baitu langabezia sortzen duten politikak egiten direlako, bai patronalaren aldetik eta baita gobernuaren aldetik ere».
Sindikatuaren ustez, «patronalaren esku uzten diren lan harreman ereduek langile moduan eta herri moduan porrotera» garamatzate. Dirua pertsona gutxi batzuen eskuetan pilatzen dagoela esan du LABek, eta aberastasuna beste politika batzuekin beste era batera banatu daitekeela deritzo. Hori dela eta, beste eredu bat eta beste lan harreman bat eskatzen dute non langileek erabakitzeko eskumena duten. Hala, «lan harreman eredu prekarioan oinarrituta eta negoziazio kolektiboari uko eginez» ez dela gure herria inoiz berpiztuko uste du sindikatuak.
Beraz, negoziazio kolektiboari irtenbidea eman behar zaio sindikatuaren arabera, «bestela egoera guztiz larrituko da». Borrokari esker, kasu askotan abenduaren 31ra arte luzatu dituztela lan baldintzak gogorarazi du LABek; horregatik, euren proposamenak lantzen hasiak dira enpresetan. Izan ere, langabeziari eta pobreziari aurre egitea posible dela dio LABek, eta horretarako, mobilizazioa, borroka eta elkartasuna direla bitartekoak argi du.