Malta lantegi ohiko eraikinak hutsik daude
Joan den astelehenean Busturialdeko EH Bilduk eskatu zuen bezala, Gernika-Lumoko Ibarran industrigune urbanizatu eta berritu bat egiteko eskaeragaz bat egin du Busturialdean Lan eta Bizik. Plataformako kideek, hortaz, Ibarrako industrigunea bultzatzearen aldeko jarrera agertu dute, Busturialdeko industria sarea berregituraatze aldera. Jakinarazi dutenez, Eraberritze Plan Berezi beharra daukaten 42 hektarea inguru daude eremu horretan.
Zentzu horretan, gorakada ekonomiko bat ahalbidetuko duen industrigune berrituaren alde pausoak ematea eskatu diote Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta eskualdeko udalek osatutako Busturialdeko Industrialdea S.A-ri.
Plataformakoen berbetan, eremu horren barruan, kontsolidatutako eta egokitu beharreko 10,6 hektarea daude. Hektarea kopuru berdina dauka urbanizatu eta eraiki beharreko lurzoruak. Bestalde, Ibarrako industrigunean 5,8 hektarea daude kontsolidatuta eta libre. Besteak beste, Astra, Dalia, eta Malta bezalako lantegiak. Gainontzeko 16 hektareak hutsik eta egokitu barik daude Lan eta Bizik dioenez. Hala, epe ertainera bertoko industri berria martxan egon daitekela deritzo.
Busturialdeko Industrialdea S.A-ri behar diren neurriak har ditzan eskatu dio plataformak, eta elkarlanerako deia egin du. “Gizartearen zerbitzura jarri behar gara, herritarren parte hartzea bultzatuz”. Hala, Lan eta Bizi laguntzeko gogoz azaldu da, “garapen solidarioaren alde”.
“Duela hamahiru urte bezala”, plataformako kideen ustez, Gernika-Lumoko industrigunea lehenetsi behar da, Muxikako industrigunearen aurrean. Izan ere, merkeagoa izango lizatekela deritzo Lan eta Bizik. Muxikako industrigunean, berriz, diru asko xahutzen ari direla uste du plataformak. Diotenez, oraindik ez dute ezer egin, eta, dagoeneko, hainbat milioi euro gastatu dituzte. Lan eta Bizik kritikatu duenez, 2002an egindako kalkuluak “baikorregiak” ziren.