Muruetarrek Txarriki eguna eta Euskal Jaia ospatuko dituzte, beste urte batez, domekan. Hala, txarriki dastaketaz eta azokaz gain, euskal jaia osatuko dituzten beste zenbait jarduera ere antolatu dituzte egun horretarako, sokatira txapelketa eta euskal kantu tradizionalaren errezitaldia, esaterako.
Gizon probak, iazko Txarriki egunean
Aurreko urteetan legez, 11:00etan emango dio hasiera azokari Urdaibai Dantza Taldeak, eta ostean lehiatuko dira eskualdeko sokatiralariak. Eguerdi partean, kantuan aritu ostean, kalejiran joango dira Kamiñoko jatetxera, bertan bazkaltzeko. Bapo jan ostean ere kantuei tartea utziko diote.
Goizean zehar, beraz, janari eta artisau lanen erakusketa eta salmenta izango da; hala, Muruetara bertaratzen denak herriko ortuariak, gaztaia, ogia, arrain kontserbak eta patea izango ditu erosgai, besteak beste. Gainera, herriko argazki erakusketa ere izango da, eta galtzear dauden berben zerrendarekin joko batean parte hartu ahal izango dute.
Horrez gain, eguerdian, Euskal labela duen txerriaren dastaketa ere izango da aukeran Muruetan.
Abenduak 1, domeka
10:30ean. Meza nagusia.
11:00etan. Azokaren hasiera, Urdaibai dantza taldeagaz. Azoka 15:00ak arte egongo da.
11:30ean. Busturialdeko sokatira txapelketa. Parte hartzaileak: Arratzu, Bermeo, Nabarniz eta Murueta.
13:30ean. Euskal kantu tradizionalen agerraldia. Parte hartzaileak: Foruko abesbatza, Arratzuko abesbatza, Bermeoko Kankinkabara abesbatza eta Gernika-Lumoko Gure Albola zaharra abesbatza. Agerraldiagaz bukatzeko, plazan bildutakoek Euskal Herrian Euskaraz abestia kantatuko dute.
Jarraian. Kalejira, Kamiñoko jatetxera.
Eguerdian. Bazkari herrikoia Kamiñoko jatetxean. Ostean, abesbatzen agerraldiaren bigarren zatia.