2013-2014 denboraldia hasi baino ez da egin, eta dagoeneko, azken urteetako datu onenak lortu ditu Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak, parte hartzeari dagokionez. Jakinarazi duenez, urrian 729 pertsonek parte hartu dute ikastaroetan eta 2.306 pertsonek saio solteetan. Gauzak horrela, “aurreikuspenak gainditu” dituztela azaldu du, bere kirol eskaintzak “arrakasta handia” izan baitu.

Umeen karate ikastaroa
Bermeoko Kirol Patronatuak urrian jarri zuen martxam Araneko kiroldegiko kirol egitaraua, eta, geroztik, hileroko umeen ikastaroen artean eskari gehien izan dituztenak karate, igeriketa eta gimnasia erritmikoa izan dira. Helduen kasuan, barriz, uretako gimnasia eta bizkar eskola izan dira arrakasta gehien izan dutenak, eta horren ostean, pilates eta igeriketa. Nagusien gimnasia taldeak ere arrakasta handia izan duela aipatu du Kirol Patronatuak.
Saio solteei dagokienez, bestalde, saio arrakastatsuenak biking-a, zumba, fitballa eta fitness funtzionala dira, Kirol Patronatuaren arabera. Halaber, kiroldegiko fitness gimnasioan egiten dituzten errutina pertsonalizatuek ere igoera garrantzitsua izan dutela nabarmendu du; 65 egin baitira urrian.
Zapatu kirolari ekimenean, 192 lagun
Bestalde, Kirol Patronatuak urtarrilean abiarazitako Zapatu kirolari ekimenak ere erantzun ona izan du bermeotarren artean; izan ere, guztira, 192 pertsonek parte hartu dute aipatu ekimenean. Hilero zapatu batean egiten dute Zapatu kirolari ekimena eta urtarriletik azarora bermeotarrek honako jardueretan parte hartzeko aukera izan dute: fitness funtzionala, zumba, kangoo jumps-a, patinaia, nordic walking-a eta gure gorputza ezagutzen (perineoa, abdominalak, integrazioa eta mugimendua), esaterako.
Hileongo zapatu kirolari-ri dagokionez, asteburu honetan gauzatuko dute. Hala, zapatuan gimnasia uretan (AQUA) egiteko aukera egongo da Bermeoko Arene kiroldegian. 17:30ean hasiko dute uretako saio hori; bertan parte hartu nahi duenak Arene Kiroldegian eman beharko du izena.
Datorren hilekoa, ostera, abenduaren 14an egingo dute, eta gazteei zuzendutako ‘biking’ saioa izango dute aukeran, 11:00etatik aurrera. Saioan parte hartzen duten gazteek aste barruko saio solte baterako doaneko sarrera bat eskuratuko dute.