
Arratzuko udaletxea
“Gestio jasangarriaren garrantziaz eta ingurumenarekiko erantzukizunaren garrantziaz jabeturik”, argiztapen sisteman aldaketak egingo dituela jakinarazi du Arratzuko Udalak. Luminariak aldatuta, energiaren kontsumoa murriztea da asmoa, kutsadura luminikoa murrizteagaz batera. “Helburu nagusia herria modu estetiko, eraginkor eta seguruan argiztatzea da, bai oinezkoentzat, eta baita ibilgailuentzat ere”.
100.679,56 euroko inbertsioa egingo du denetara, eta, LED teknologia darabilten lanparak jarrita, urtean 15.515 euro aurreztuko dituela aurreikusten du.
Zehazki, Fundicion Benito-Villa motako 148 buru ordezkatuko ditu udalak, fita de Be-Lux motak jarriz; eta indukziozko 85 w-ko 48 unitateren ordez, LED teknologiako 36wkoak jarriko ditu, Santa Cole Universal motakoak. Gorozika auzoan, presio altuko sodio lurrunezko 150 w-ko Gestalt Albani motako hamabi unitate kenduko dituzte, 42 w-ko fluoreszente jartzeko; Belendiz-Zabala auzoan, bestalde, presio altuko sodio lurrunezko 250 w-ko Gestalt Albani motako zortzi unitateen ordez 75 w-ko fluoreszenteak jarriko dituzte, eta 42 w-ko fluoreszenteak jarriko dituzte, 150 w-ko Albani motako hiru unitateren ordez.