Bermeoko San Martin azoka
Euskal tradizioaren egutegian egun berezia da azaroaren 11koa. Hutsik egin barik ospatzen da urtero San Martin eguna, eta aurtengoa ez da salbuespena. Hala, egun horren inguruan festaz jantziko dira Bermeo, Forua eta Sukarrietako Kanala auzoa.
Urtero bezala, sanmartinetarako egitarau zabala prestatu dute foruarrek. Hala, zapatutik astelehenera artean, tute, briska eta igel txapelketa izango dituzte aukeran, besteak beste, herrira bertaratzen direnek. Nola ez, karakol txapelketarik ere ez da aurten faltako. 34.a izango da aurtengoa eta 11:00etan izena emanda, 14:00etan aurkeztu beharko dituzte kazolak domekan. Epaimahaiaren erabakiz lehenengo bosten artean sailkatzen direnek jasoko dute saria.
Egun berean, gainera, idi probez gozatzeko aukera ere izango da Foruan; hain zuzen, Arrietako Iturberen, Kortezubiko Duñabeitiaren eta Muruetako Kamiñoko erretegiaren idiak ariko dira deman, 18:00etatik aurrera. Egun berean dantzari txikien jaia ere ospatuko dute herrian; goizetik iluntzera bitartean, kalejira, jaialdia, bazkaria, erromeria, ipuin kontalaria… izango dira Foruan.
Odoloste txapelketa, Bermeon
Foruan ez ezik, Bermeon ere egun berezia izaten da San Martin; batez ere, egun horren harira Lameran jartzen duten azokarengatik eta antolatzen duten odoloste txapelketarengatik. Domekan izango da hori guztia, 11:00etatik 15:30era arte, gutxi gorabehera.
Guztira, hamazortzi saltoki izango dira baserri giroko azokan, eta, beste hainbat produktugaz batera, egun horretako protagonista izango da dastagai: txerrikia. Dena den, ogia, euskal pastela, gazta, eztia, txakolina, patea eta lorak ere bilduko dituzte azokako saltokiek.
Edonola ere, azokako protagonista nagusia odolostea izango da. Hala, aurreko urteetako ohiturari jarraituta, odoloste txapelketa egingo dute Lameran, Andeko tabernaren eskutik. Guztira, 22 parte hartzaile izango direla jakinarazi du Bermeoko Udalak; hain zuzen, herrikoak bertakoak, Bakiokoak, Mungiakoak, Gernika-Lumokoak eta Loiukoak izango dira parte hartzaileen artean. Horien guztien odolostea 11:00ak aldera hasiko da dastatzen epaimahaia, eta behin guztiak dastatuta, sari banaketa egingo dute, 13:30 inguruan. Udaletik jakinarazi dutenez, aurten ere Kepa Landa sukaldaria izango da epaimahaiko arduraduna eta zuzendaria.
Egitarau ez hain zabala izan arren, Sukarrietako Kanala auzoan ere ospatuko dituzte sanmartinak. San Martin egunean jantziko dute auzoa festaz. 12:30ean hasiko dute eguna, mezagaz, eta eguerdian bazkari herrikoia egingo dute Jatetxe jatetxean.