Lamiarango araztegia martxan jartzean, uraren ziklo integralaren kudeaketa publikoa izatea da Busturialdeko Ur Partzuergoaren helburua. Hala, zerbitzu pribatuak mantenduz gero, kudeaketa eta zaintza lanak egitea zailagoa izango litzatekeela deritzo Bilduk.
Jose Ramon Bilbao Gernika-Lumoko zinegotziak azaldu duenez, Lamiaran martxan jartzean lehiaketa publikoa zabalduko dute, eskual- deko ur edangarri eta saneamendu azpiegituretarako beharginak kontratatzeko. Deialdi publiko bat denez, hortaz, Aquagest enpresako beharginak lehiaketara aurkeztu beharko lirateke.
Lan poltsa horretan, baina, interesa duten guztiek eman dezakete izena. Hala, lehiaketan parte hartuz gero ere, Aquagest enpresako beharginek ez dute ziurtatuta lanpostua mantentzea. Bilbaok dioenez, “langile horiek urte hauetan guztietan pilatutako esperientzia kontuan izango du partzuegoak, baina ezin du askoz gehiago egin”.
Zinegotziaren berbetan, sindikatuekin eta beharginekin harremanetan izan dira, baina “akordio batera heltzea oso zaila da”. Zenbait sindikatuk ekarpen batzuk egin dituzte irtenbide bat aurkitzeko, baina lanpostuak ezin dira mantendu. “Deialdi publiko bat eginez gero, ezinezkoa da lanpostuak mantentzea, legearen kontra egitea litzatekeelako”.