Atzo egin zuten
Urdaibaiko Esentziak proiektuaren baitako lehen dastatze enogastronomikoa Mundakako Goikoa Tabernan. Hain zuzen, Abere produktuak eta txakolina izan ziren dastaketaren ardatza. Hala, taldetan bilduta, haragia eta esnekia lehengai nagusitzat zituzten hainbat kanape dastatu zituzten bertaratutako ekoizle eta enbaxadoreek.
Dastaketako parte hartzaileek produktuek eurengan sortutako zirrarak azaldu ostean, gintonic tailerra egin zuten, eta Andutza Landa Etxeak enbaxadoreen artean bi pertsonentzako asteburu bateko egonaldia zozkatu zuen. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak, bestalde, sarrerak oparitu zituen.
Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak sustatutako proiektua da
Urdaibaiko Esentziak eta “Busturialdea-Urdaibaiko garapena bultzatzea” dauka helburu, lehenengo sektoreagaz eta gastronomiagaz lotutako eragileak mobilizatuz.Hala, “materializatu daitezkeen kolaborazio aukerak identifikatzea eta lan eremu desberdinen artean sinergiak sortzea” du xede, Busturialdea-Urdaibaiko garapen sozio-ekonomiko eta turistikoa bultzatzeko. Era berean, “maila altuko produktu eta errezetak merkatarutazea” ere bada bere helburua; betiere, bertoko produktuekin eta komertzializaziorako zirkuitu txikiak indartuz.
Hiru taldetan banatuta dago proiektua, eta euretako bakoitzak gai jakin bat dauka: abeltzaintza (urria), baratzezaintza (azaroa) eta itsasoa (abendua). Taldeetako bakoitzak jarduera enogastronomikoak antolatuko ditu; hain zuzen, afari formatuko Gran Club bana, eta dastaketa bana. Horietan, “ekoizle, sukaldari eta eta enbaxadoreek elkarri eragin eta hausnarketa eta eztabaida foroak egingo dituzte. Urrikoak, beraz, dagoeneko egin dituzte, joan den astean Morgan egin baitzuten urriko Gran Cluba. Hil honetako lantaldea honako hauek osatzen dute, hain zuzen: Mundakako Goikoa Tabernak, Morgako Katxi jatetxe-hotelak, Eako Andutza Landa Etxeak, Morgako Talleri Upategiak, Iturbe Anaiak abeltzaintza ekoizleak, Sabin Aranburu gazta ekoizleak, Santanako Etxeak, Txerrizaleok-ek eta Euskal Herria Museoak.
Gran Club-ean egin bezala, atzoko dastaketan ere hainbat proposamen gastronomiko egin zituen urriko talde horrek; euskal saltxitxa, buzkantz gorria, Italotxistorra eta Mini goikoa, esaterako.