320.000 euro inguru bideratuko dituzte enplegua sustatzera
Lanbide Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren deialdi bati esker, Busturialdeko herriek 320.000 euro inguruko dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute, enplegua sustatze aldera. Hala jakinarazi zuten Gernika-Lumoko Bilduko ordezkariek azken osoko bilkuran. EAJk sartutako mozio baten harira eman zuen dirulaguntzen berri Begoña Landak.
Bilduko ordezkariak azaldu zuenez, eskualdeko herriek 270.000 euro inguruko laguntza jasoko dute. Horrez gain, baina, Gernika-Lumok 45.000 euro gehiago jasoko ditu, eta Busturiak beste 5.000 euro gehiago. Krisi ekonomikoak biziki kolpatu dituen herriak izateagatik jasoko dute aparteko diru laguntza Gernika-Lumok eta Busturiak.
Landak nabarmendu duenez, Lanbidek duela hamar egun zabaldu zuen laguntzak eskatzeko epea. Hala, bertoko udalek ez dute zehaztu zertan erabiliko duten dirua. Gainera, baldintzetan kontraesanak daudela eta, zenbait zalantza dauzkatela esan du.