
Peio Bilbao gernikarra
Datorren denboraldiari begira, bi fitxaketa egin ditu Caja Rural-Seguros RGAk, Peio Bilbao gernikarrarena eta Lluis Mas Baleare Uharteetakoarena. Hartara, hamazortzi txirrindulariko taldea osatu du Caja Rural-Seguros RGAk.
23 urte dauzka Bilbaok, eta orain arte Euskaltel Euskadin egon da. Denboraldi berrian, ordea, Amets Txurruka, David Arroyo, Francesco Lasca, Javier Aramendia, Antonio Piedra, Marcos Garcia, Omar Fraile, Ruben Fernandez, Ramon Domene, Fabricio Ferrari eta Karol Domagalski izango ditu taldekide. Txurruka “pozik” agertu da Bilbao “berriro taldekide” izango duela jakinda. “Etorkizun oparoa du txirrindulari bezain pertsona on honek”, esan du.
Talde berriagaz sinatutakoan, txirrindulari “lehiakorra” dela esan du Peio Bilbaok. “Gustuko dut lasterketetan asko mugitzea, ezeren beldur izan barik. Alor guztietan lehiatu naiz,eta uste dut denetan nabilela ondo, nahiz eta beharbada hobeto moldatzen naizen mendian eta klasikoetan”.
Hobetzeko dauzkan faktoreei dagokienez, itzuli handietan iraunkortasuna hobetu beharko lukeela deritzo gernikarrak, baina “ikasteko ilusioa eta gogoak” dauzkala esan du. Euskal Herriko Itzulian edo Espainiakoan gurako luke nabarmendu. “Gogor egingo dut lan hori lortzeko”.