Herriko eta kanpoko ekoizleak batuko ditu domekako hitzorduak, 11:00etatik 15:00etara
Saltzailea eta eroslea, Foruko azokaren artxiboko irudian
Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenari erreleboa hartuta iritsiko da domekan Joan Mari Torrealdai Kultur Etxeak eta Foruko Udalak San Martin egunaren atarian antolatutako XII. nekazari eta artisauen azoka. Urtero legez, hainbat ekoizle batuko dira Elexalde auzoko plazan, gorengo kalitatea eskainiz bisitariei. Denetara, hamazazpi saltoki izango dira bertan. Herrikoez gain, Berriatuatik, Eibartik, Ipar Euskal Herritik etorriko dira saltzaileak.
11:00etatik 15:00etara egongo da azoka zabalik eta, besteak beste, gazta, eztia, ogia, txokolatea, etxeko opilak, kremak, sasoiko produktuak… erosteko aukera egongo da bertan. Horrez gain, produktu ekologikoak eskainiko dituzte saltokietako batean, eta artisau produkturik ere ez da faltako. Narrua, keramika, artilea, bitxiak… eroango baitituzte artisauek Foruara.
Familientzako ikuskizuna
Urtero legez, bestalde, baserriko abereen erakusketa ere hartuko du azokak. Joan Mari Torrealdai Kultur Etxeak jakinarazi duenez, Foruko Atxaga baserriko animaliak egongo dira ikusgai, batik bat, txikienen gozamenerako. Gisa horretako hitzordu batean beste era batera ezin zitekeenez izan, taloak ere eskainiko dituzte, eta eguerdian familiei zuzendutako ikuskizuna egongo da. Kultur etxeak aurreratu duenez, ume eta helduak animatuko ditu domekan Doro Zobaranen saioak.
San Martin egunaren inguruan antolatu ohi dute Foruko azoka, eta aurten ere sanmartinen aperitiboa izango da. Izan ere, azaroaren 9an, 10ean eta 11n izango dituzte jaiak herrian. Igel, mus, briska eta tute txapelketak, idi probak eta herri poteoa izango dira egun horietan, ohiko karakol txapelketaz gain.