Eskualdean txalapartaren erabilera bultzatze aldera, ikastaroa emango dute Bermeon
Bermeoko Udal Musika Eskolak ikastaro berri bat eskainiko die herritarrei: hain zuzen, txalaparta jotzen ikasteko aukera izango dute aurrerantzean Bermeoko bizilagunek. Hamabi asteko ikastaro bat baino gehiago izango da azaroaren 6an hasiko dutena; izan ere, herrian txalaparta talde bat dagoela kontuan hartuta, Bermeoko ekimen ezberdinetan parte hartzeko aukera eman nahi die herritarrei: esaterako, Erromerian eta Txistu alardean. Hala, eskualdean txalapartaren erabilpena bultzatzea izango dute helburu.
Horretarako, Bermeoko txalaparta taldeko gidari den Eneko Uribe izango dute irakasle parte hartzen dutenek. Ikastaroan ikasitakoa, gainera, txalaparta talde horretan praktikan jartzeko aukera izango dute, eta bertan eman ahalko diote jarraipena ikasitakoari.
Datorren eguaztenean hasiko dute, beraz, aipatu ikastaroa, eta hamabi eguaztenetan zehar batuko dira txalapartaz gozatzeko. Parte hartu nahi duten herritarrek azaroaren 4a baino lehen eman beharko dute izena Musika eskolan bertan. Ikastaro osoaren prezioa 45 eurokoa dela jakinarazi du Bermeoko Udalak.