Segurtasuna bermatzeko zenbait aholku praktiko jarraitzea ezinbestekoa dela iritzita, Hirian bizikletaren erabilera egokia egiteko ikastaroa antolatu du Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentro-Madariaga Dorretxeak, Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) elkarlanean, eta domekan itxiko dute bertan izena emateko epea. Beraz, parte hartu nahi duenak 94-687 04 02 telefono zenbakira deituta edota
info@torremadariaga.org helbide elektronikora idatzita eman beharko du izena egun hori baino lehen.
Bidegorria eskatzeko bizikletaldia, Gernika-Lumon
Madariaga Dorretxekoek azaldu dutenez, «bizikleta garraiobide moduan ez erabiltzeko dauden oztopoak gainditzen laguntzea da» doako ikastaro horren helburua; «izan ere, ez ezagutzeagatik edo beldurragatik, hiri eremuan jende askok oraindik ez du erabiltzen bizikleta».
Hain justu, 14 urtetik gorakoei zuzenduta dagoen ikastaro hori azaroaren 10ean gauzatuko dute, 11:00etatik 13:30era, Madariaga Dorretxean bertan hasi eta amaituta. Bi ordu eta erdiko saioan, errepidera aterako dira parte hartzaileak, «kontzeptu guztiak azaldu ahala, praktikan» jartzeko aukera izanik. Horretarako, baina, nork bere bizikleta eta kaskoa eroan beharko dituela jakinarazi dute.
Ikastaro horren bitartez, segurtasunaren inguruko nozioak praktikan jarri nahi dituztela azaldu dute. Hala, esate baterako, aurretiazko egiaztabideak zelan egin irakatsiko dute, eta baita oinezkoekin eta beste garraiobide batzuekin nola jokatu ere. Halaber, bidegorrietarako eta partekatuko bideetarako jarraibideak azalduko dituzte, eta bidegurutzeetan eta biribilguneetan modu seguruan ibiltzeko aholkuak emango dituzte.