
Urdaibaiko Esentziak proiektu turistiko enogastronomikoaren lehen ekitaldia
Abere produktuak izango dira dastaketa enogastronomikoaren ardatza. Urdaibaiko Esentziak proiektuaren barruan dator dastaketa, eta, aldi berean, Euskadi Gastronomikaren barruan dago. Mundakako Goikoa tabernan jarri dute hitzordua gaur bertan, 20:00etan.
Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak sustatutako proiektua da Urdaibaiko Esentziak eta “Busturialdea-Urdaibaiko garapena bultzatzea” dauka helburu, lehenengo sektoreagaz eta gastronomiagaz lotutako eragileak mobilizatuz. Hiru taldetan banatuta dago proiektua, eta euretako bakoitzak gai jakin bat dauka: abeltzaintza (urria), baratzezaintza (azaroa) eta itsasoa (abendua). Taldeetako bakoitzak jarduera enogastronomikoak antolatuko ditu; hain zuzen, afari formatuko Gran Club bana, eta dastaketa bana.
Horietan, “ekoizle, sukaldari eta eta enbaxadoreek elkarri eragin eta hausnarketa eta eztabaida foroak egingo dituzte, helburu bakarrarekin: maila altuko bertako produktuen errezetak merkaturatzea”. Azaldu dutenez, “proiektuaren bukaeran ondorioak aurkeztuko” dituzte, “gastronomia garapen ekonomikoko eta xarma turistikoko eragile izaten jarrai dezan”.