Baliabide gutxirekin «gauzak hobetzen» ari da Busturiko Udala
Lokalen banatze-prozesuaren baitan, zenbait aldaketa egiten ari da Busturiko Udala; Kultur Etxeko espazioak, adibidez, berrantolatu egiten dituzte herritarrei sarbidea errezte aldera, eta, horrez gain, Correos-eko bulegoa lekualdatzeko asmoa erakutsi du. Azken finean, «baliabide gutxi erabilita, «gauzak hobetu» gura ditu udalak.
Altamirako Kultur Etxean dagoen Kzgunera iristeko arazoak aurkitu izan dituzte orain arte herritarrek; izan ere, zenbait eskailera igo beharra izaten zuten. Orain, baina, arazo hori konponduta dago, KZ gune hori beheko solairuan ezarri baitu udalak. Gainera, lehen hiru ordenagailu zeuden bitartean, orain beste hiru jarri dituzte; guztira, beraz, sei dira egun. Lehen solairuan, berriz, hiru gune ezarri dituzte: batetik, gune lasaiagoa bat; bestetik, mugimenduzko jolasen gunea, eta, azkenik, irudimenezko jolasen gunea.
Jantokian ludoteka
Bestalde, Jose Maria Uzelai herri ikastetxekoek jantoki bezala erabiltzen zuten gunea libre geratu denez, ludoteka bezala erabiltzea erabaki du udalak. «Lokalen prozesuaren barruan proposatu zuten gurasoek; batez ere, eguraldi txarrarekin herriko txikitxoenek ez dutelako non egon». Hala, eskolatik irten eta 20:00ak bitartean, gune berri horretan egon ahal izango dute herriko txikitxoenek euren gurasoekin.
Sarbidearen arazoak saihesteko, gainera, igogailu bi jarri gura ditu udalak kultur etxean; dena den, dagoeneko eskatuta dituzten dirulaguntzak jasoten dituzten ala ez ikusi beharko dute horretarako. Izan ere, «baliabide gutxirekin ahalik eta erosoen egotea nahi du udalak», eta lerro horretatik jarraituko dutela azaldu du Miren Fatima Malaxetxebarria Busturiko alkateak.
Turismo infomazioa emateko
Sarbidearen arazo bera dute busturiarrek Correos-eko bulegora bertaratzen direnean –egun, nesken lehengo eskoletan dago–; izan ere, eskailerek zaildu egiten dute bertako sarbidea.Horregatik, eta Arrotegi Fundazioagaz hitzarmena bukatu delako, bulego hori Gizarte Etxera lekualdatzea erabaki du udalak, udaletxearen aldamenera, alegia. Herriko gazteek erabiltzen zuten lehen leku hori, baina egun, antzinako hiltegian batzen direnez, libre geratu da. Correos-en bulego horrez gain, turismo informazioa emateko toki bat ere eduki nahi du Busturiko Udalak, egun udaletxean ematen duten informazioa bertatik bideratu ahal izateko; izan ere, Malaxetxebarriaren arabera, «hainbat» dira informazio eske udaletxetik igarotzen direnak, adibidez, Axpeko San Pedro kobengatik galdezka.
Hala, zerbitzu bi horiek eskaini ahal izateko lanak hasi zituen udalak Gizarte Etxean. «Atontze lanak –garbitzea, hormak jaurtitzea…– hasi genituen udaleko biherginen bitartez, baina orain itxaron egin beharko dugu lanekin jarraitzeko; ahalik eta azkarren egin nahi dugu, baina diru iturriak lortzen ditugun heinean joango gara egiten», azaldu du Busturiko alkateak.