
Alkatea zenbait kaltetukin berba egiten sua piztu zen gunean
Bermeoko Alde Zaharreko Nardiz Tar Jon kalean sua piztu zenetik sei hilabete bete dira. Orain arte lan “handia” egin bada ere, Alde Zaharra bere osotasunean berreskuratzeko “asko dagoela egiteko” azaldu du gaur Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Hamaika eraikin kaltetu zituen suteak. Batean izan ezik, gainontzekoetan dagoeneko birgaitze lanak egiten hasi direla esan du alkateak, “berritze edota birgaitze lanak eta beharrezkoak dituzten lizentziak martxan daude jada, bakoitza bere erritmora”. Izan ere, “ahalik eta arinen” normaltasunera bueltatu gura dutela aipatu du. Birgaitze lanak hasi ez dituen eraikin bakarra sua sortu zen eraikina da, sua zergatik sortu zen argitzeko asmoz, ikerketa lanekin jarraitzen baitute.
Suak kaltetu zituen eraikin gehienetako lanak, baina, “epe luzerako” izan daitezkeela dio Bidegurenek. Hala, begi onez ikusi du Bizkaiko Foru Aldundiak asteon hartutako erabakia; izan ere, foru-etxebizitzetan dauden kaltetutako 25 familiek urte amaierara arte egon ahalko dute horietan. Bidegurenen esanetan, “famili hauek egonkortasuna behar dute, beraien etxeak galdu dituzte eta oraindik ere beraien etxeak berreskuratzeko birgaitze lanek denbora luzea jo ditzakete”. Bestalde, Foru Aldundia urtarriletik aurrera begirako irtenbide bila ari dela esan du, “irtenbide orokor bat bilatzen ari direla esan digute. Horretarako, kasuz kasu aztertzen ari dira familia bakoitzaren egoera. Norbaitek erosteko aukeragatik galdetu omen du eta alokairu ekonomikoak jartzeko aukera ere legoke. Hala ere, ez dago ezer zehatuta, horregatik erabaki du aldundiak alokairuen kontratuen epea urte amaierara arte luzatzea”.
Denbora guzti honetan ardura nagusiena eta lehentasuna kaltetuak izan direla azaldu du Bermeoko alkateak, “beraien bizia zeharo aldatu delako”. Modu horretan, laguntza psikologikoa, asistentziala, teknikoa, urbanistikoa eta juridikoa erraztu zaiela nabarmendu du. “Horien etorkizuna ez da erraza ezta argia ere”, azaldu du.
Sutearen ondorioz, gainera, Intxausti kaleko bi eraikinetan arrakalak agertu izan direla jakinarazi du Bidegurenek, “eraitsi diren eraikinen ondoan daude kokatuta”.
Udaletxea
Apirilaren 11ko suteak Bermeoko udaletxea ere kaltetu zuen, “guztiz kaltetu zen eta ezin da erabili”. Udaletxea birgaitzeko oinarrizko proiektua eginda dagoela zehaztu du alkateak eta orain exekuzio proiektua martxan ari dela aipatu du. Finantziaziorik barik, baina, obrak ezin dituztela egin esan du: “horren zain gaude, Bizkaiko Foru Aldundiak laguntzeko konpromisoa hartu zuen eta espero dugu diru laguntzak ahalik eta arinen konfirmatzea”. Udaletxea birgaitzeko lanak 2014an hastea gustatuko litzaioke Bidegureni, “2015. urtearen amaieran amaitzeko eta 2016aren hasieran erabilgarri izateko”.
Beste laguntza batzuen zain ere badaudela esan du Bermeoko alkateak; izan ere, maiatzean, Bermeoko Udalak Alde Zaharra hondamen-eremutzat jotzeko eskaera egin zion Espainiako Gobernuari. Oraindik horren inguruko berririk ez dute, baina alkateak azaldutakoaren arabera, Espainiako Gobernua udalari zein kaltetuei informazio eta dokumentu osagarriak eskatzen ari da. Orain arte jakinarazpenik jaso ez badute ere, “esperantza” dutela esan du Bidegurenek.
Apirilaren 11n Bermeoko Alde Zaharrean gertatu zen sutea, azken 30 urteetan Bizkaian gertatutako suterik larriena izan zela gogorarazi du Bidegurenek: “salbuespeneko egoera bat sortu zen Bermeon eta erakundeen arteko laguntza eta kolaborazio oso onak izan ziren”. Laguntza horiek, baina, oraindik aurrera ere “beharrezkoak” dira Bidegurenen ustez, “asko gelditzen baitzaigu Alde Zaharra berreskuratzeko. Nahiz eta etorkizuna apur bat zehaztuagoa dugun, ez da erraza izango”.