Esperientzia laburra du arraunaren munduan Desiree Iglesiasek (Bermeo, 1982). Urte bakarra darama kirol hori praktikatzen, baina arraunak asebete egiten duela azaldu du. Bermeon nesken arraun talderik ez dagoela eta, Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaia traineruan ibili da arraunean. Hala ere, herrian bertan nesken taldea sortzea gustatuko litzaiokeela dio.

Desiree Iglesias
Noiz hasi zinen arraunean?
Oso denbora gutxi daramat, urtebete pasatxo. Iazko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan, Herrirak antolatutako euskal presoen eta iheslarien aldeko batel estropadetan parte hartu nuen; gustatu egin zitzaidan, eta informazio bila hasi nintzen. Herriko arraun taldean neskarik zegoen galdetzen hasi nintzen. Juan Olarterekin berba egin nuen, eta neskak aurkituz gero taldea sortzeko aukera legokeela esan zidan; hau da, bere asmoa nesken batela eratzea zela esan zidan. Bederatzi neska batu ginen, baina proiektuak ez zuen aurrera egin, arrazoi ezberdinak medio. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko gutuna iritsi zen elkartera eta aurkezteko esan zidaten. Baina ez nekien arraunean; berria nintzen kirol honetan eta ez nuen Bizkaia trainerurako nire burua aurkeztu nahi.
Baina azkenean joatea erabaki zenuen.
Bai, eta eskerrak eman behar dizkiot Bizkaia traineruko entrenatzaile Andoni Galvani, niregan agertu duen konfiantzarengatik. Berak irakatsi dit arraunean, zaila baita ikastea, baldintza asko bete behar direlako. Hala ere, Galvanek uda osoan arraunean egiteko aukera eman dit, eta izugarri pozik nago.
Zelan eratu zen taldea?
Nolabait esateko, Bizkaiko arraun elkarteetan soberan geunden neskak batu ginen. Galvanek ahaleginak egin zituen trainerua uretara atera ahal izateko, eta Sestaora joaten ginen entrenatzera.
Zure ustez, herrietako arraun elkarteetan arraunean egiteko aukera ez duten neskentzako ideia ona da Bizkaia trainerua?
Bai, zelan ez; ideia oso ona da eta aukera ezin hobea guretzat. Hala ere, proiektua berria da, eta jende falta ere badago. Hogei neska hasi ginen, eta hamalauk amaitu dugu denboraldia. Jendea nekatu egiten da, gogorra da eta esfortzu handia eskatzen du. Berba emanez gero, baina, konpromisoa hartu beharra dagoela uste dut.
Bermeon bertan arraunean egiteko aukerarik ikusten al duzu?
Herrian kartel batzuk jartzeko asmoa daukat, ea neskak animatzen diren. Jendeak uste du arrauna Urdaibai bakarrik dela, eta hori baino gehiago da. Bermeo-Urdaibai Arraun Elkartean harrobia dago, arraunean egin nahi duten umeak daude. Taldeek harrobia behar dute, eta horiei aukerak eman behar zaizkie. Herritarrek jakin egin behar dute badagoela Urdaibaitik kanpo arraunean egin nahi duen jendea. Kirol oso polita da arrauna, baina kartelak ipinita ere, ez dut uste neska asko animatuko direnik. Gure egoera gizonena baino zailagoa da, adin batetik aurrera lana, etxea, seme-alabak… ditugulako. Gustatuko litzaidake batel bat eratzeko taldea sortzea, baina ez dut erraz ikusten.
Eta gazteak ez dira animatuko?
Ez dakit zer esan. Uste dut jendeak kirola egin nahi duela, baina ez, ordea, sufritu edota ardurak hartu. Talde baten barruan ari zarenean, ordutegi finko bat daukazu eta egunerokotasuna eskatzen du. Egun bat bakarrik daukagu libre, eta ez da domeka. Hortaz, ezin daiteke parrandarik egin, elikadura zaindu beharra dago… Nik neuk ere badakit ez dela erraza, baina gustukoa baduzu, kirol polita da eta asko disfrutatzen da. Bestalde, herriarentzako ere bertoko arraun taldean harrobia egotea eta tartean neskak egotea polita litzateke. Sasoi batean egon ziren neskak, baina galdu egin zen, eta pena bat da.
Zelan joan zen denboraldia? Gustura ibili zinen?
Bai, oso gustura. Nire lehenengo urtea izanda, ez nuen uste arraunean egingo nuenik; ezerezetik hasita, aldiz, estropada guztietan aritu naiz arraunean. Entrenatzaileak nirekiko izandako konfiantza eskertzekoa da; oso ondo portatu da nirekin. Taldekideak, baina, oso gazteak ziren; gazteegiak, nire ustez.
Esperientzia, hala ere, ona izan dela diozu.
Bai, benetan polita. Emozio asko sentitu ditut arraunean, eta ez nuke hori ezergatik aldatuko.
Jarraitzeko asmoa duzu, hortaz.
Bizkaia traineruaren proiektuak jarraitu egingo duela uste dut. Hala ere, oraindik asmoak zehazteko daude; batzartu egin behar dira. Nik nire aldetik gogoa daukat, arraunean jarraitu nahi dut eta nire kabuz entrenatzen jarraitzen dut.
Lehiakorra al zara?
Bai, oso. Hala ere, aurten ez ditugu emaitza onak lortu; lehenengo urtea zen, traineru berria eta jende gaztea. Arraunlari gazteei heldutasun eta lehiakortasun puntua falta zaie. Ez irabazteak amorrua ematen bazuen ere, aurtengoan hori egokitu zaigu. Nik neuk ere haserrealdiak izan ditut, baina aurrera jarraitu behar da eta txarto egin denetik ikasi; hori da hobetzeko bidea. Bestalde, gogoa izatea ere beharrezkoa da. Ikusten duzunean ezer ez dela lortzen eta txarto zoazela, burua ondo mantentzen kostatu egiten da. Modu horretan zaila da entrenamenduetan dena ematea. Hori da, nire ustez, zailena: gogorik ez duzunean entrenatzea. Gogorra da, eta psikologikoki eragiten du. Entrenatzaileak, baina, bere lekuan egoten jakin du, eta asko lagundu digu. Animoak ematen izan dugu momentu oro. Horrek lagundu egiten badu ere, anbizioak indar gehiago du.
Bermeo-Urdaibai Arraun Elkartearen ateak zabalik al dituzu?
Bai, ez dut inongo arazorik izan entrenatzerako orduan. Ateak zabalik dauzkate. Hala ere, estropada garaian astean bost aldiz Sestaora joaten nintzen entrenatzera; batean Bermeon egiten nuen eta egun bakarra libre.
Gogotsu zaudela ematen du. Zer eman dizu arraunak?
Asebete egiten nau kirol honek. Arraunean egiten ez duenak ezin du sentitu zenbateraino asebetetzen duen. Maila pertsonalean, gainera, gauzak beste modu batera ikusten laguntzen duela esango nuke. Gure bizitzaren zati handi bat kentzen digu, baina merezi duela uste dut. Horregatik, kirol hau gustuko duen edozein praktikatzera animatzen dut. Azaldu ezin dezakedan sentsazio izugarria eragiten dit arraunak.
Txarrik ere izango du, ezta?
Bai, noski, aurrerago esan moduan, denbora asko kentzen du, eta sakrifizioa ere eskatzen du. Nire kasuan, esaterako, lanean nago eta ama naiz; hortaz, kirol hau praktikatzeak aisialdirako denbora kentzen dit. Hala ere, balantzea eginda, merezi duela uste dut. Nire barrurako pentsatzen dut askotan: ondo sentitzen naiz arraunean eta zergatik ez dut egingo? Beste kirol batzuek ere ziurrenik asebete egingo dutela, baina ez dakit sentimendu berdinak sorrarazten dituzten.