Idahoko Estatu idazkari ohiak 95 urte zituen. Gernikarra zeukan ama. Minbizia zeukan eta abenduan zen 96 urte betetzekoa.
Pete Cenarrusa, artxiboko irudian
30 urtetik gora eman zituen Cenarrusak Idahoko (AEB) Estatu idazkari lanetan, 1967. urtetik 2003. urtera arte. Euskararen eta euskal kulturaren sustatzaile izan zen Amerikako Estatu Batuetan. 2003an, Euskal Ikasketen Zentroa jarri zuen martxan Boiseko Unibertsitatean. Euskal politikagintzan, Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko adierazpena sustatu zuen 2002an, eta 2012an, berriz, hark eta hark zuzendutako Foundation for Basque Culture elkarteak bake prozesuarekiko itxaropena azaltzen zuen
adierazpen bat sustatu zuten Idahoko Estatu Gaietarako Batzordean. Bertako legebiltzarrak “goraipatu” egin zuen joan den 2011ko urrian ETAk “ekintza armatuen behin betiko etena eta terrorismoaren amaiera” iragarri izana, eta horrekin batera, Espainiako, Frantziako, Nafarroako eta EAEko gobernuei dei egin zien “euren ekintzen bidez elkarrizketa bultza dezaten euskal lurraldeetan, bake iraunkorra lortzeko”.
Udalbiltzarekin ere jardun izan du elkarlanean. Nazio instituzioak 2002an Herrien Eskubideen Aldeko Nazioarteko Konferentzia antolatu zuen Donostian, eta ekitaldiko Ohorezko Batzordeko kideetakoa izan zen. Bost kontinenteetako ordezkariak etorri ziren, eta arduradun instituzional garrantzitsuek, adituek eta estaturik gabeko nazioetako ordezkariek hartu zuten parte, besteak beste. Herrien autodeterminazio eskubidearen aldeko ebazpena onartu zen.