SPAR Unigironaren kontra jokatutako partida
Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak erronka gogorra izan zuen joan den asteburuan, eta bertokoak primeran moldatu ziren. Lehen Mailako taldeen kontra indarrak neurtu ostean, gernikarrek nota ona lortu zuten aurredenboraldiko lehen partidetan. Alde txikiagatik galdu zituzten jokatutako bi partidak, eta finalean sartzekotan izan ziren. Hala, ezustekoa ematekotan izan ziren gernikarrak.
Txapelketako finalerdia, esaterako, 78-73 galdu zuen Gernika Bizkaiak. Bertokoek estu hartu zuten Bizkaia GDKO, baina sari barik geratu ziren. Partida 66nako emaitzagaz amaitu zen, eta luzapen denboran nagusitu behar izan zuten galdakoztarrek.
Hirugarren eta laugarren postuetarako borrokan, bestalde, SPAR Unigironaren kontra jokatu zuten gernikarrek. Gernika Bizkaiak partida ona jokatu zuen, baina katalandarren kalitatea nagusitu zen. Partidako lehen bi laurdenak oso orekatuak izan ziren, baina hirugarrenean behera egin zuten bertoko neskek. 2-14ko partzialagaz garaipen handi bat lortzeko aukera galdu zuten.
Aurredenboraldiko lehen bi partidak jokatuta, Gernika Bizkaiak maila ederra eman du. Hala, itxaropentsu egoteko arrazoiak ditu bertoko taldeak, Lehen Mailako taldeei aurre egiteko gai izan baita.