Hasteko irrikaz egoten dira, baina bukatzeko penaz. Jaiak ospatzeko aitzakiarik inoiz ez da izaten Busturialdean, eta, oraingoan ere, ez da halakorik izan. Sanmigeletaz eta sanjeronimoetaz gozatzeko kalera atera dira, beste behin ere, Bermeon, Busturian, Ereñon eta Mendatan.
Busturiko Irrintzi Alai dantza taldearen saioa.
Herriko jai nagusiak ospatu dituzte Ereñon eta Mendatan, eta sukalki txapelketa eta euskal ezkontza izan dira nagusi, hurrenez hurren. Asteburuko ekintzez gain, gaur ere badutezer ospatu. Meza, Txantxiku txapelketa eta bazkari herrikoia izan dituzte Ereñon, eta arratsaldean briska txapelketa eta txokolate jana be izango dituzte aukeran. Mendatan ere, mezagaz, hasi dute gaurko egitaraua, eta arratsaldean briska txapelketa jokatuko dute.
Herri horietako jaiak, baina, ez dira gaur bukatuko; izan ere, datorren asteburuan jarraituko dute festa: urriaren 5ean eta 6an Mendatan, eta urriaren 6an, Ereñon.
Bermeon eta Busturian ere, hainbat lagun batu dira sanmigelak eta sanjeronimoak ospatzeko. Busturian domeka izan zuten ospakizunetarako eguna, eta Irrintzi Alai dantza taldearen saioagaz, idi probekin eta
Irrien Lagunak ikuskizunagaz igaro zuten eguna. Bermeon, ostera, barikuan, zapatuan, domekan eta gaur ospatuko dituzte sanmigelak. Gaur, beraz, mezagaz eta pastel eta ardoez datorren urtera arte agurtu dituzte San Migel auzoko jaiak.
Errekako jaiak, Mundakan
Umeen dantzaldia, Erreka auzoan, Mundakan
Mundakan, bestalde, Erreka auzoko jaietan murgildu dira ume zein nagusiak. Goizean hasi eta gauera arteko egitaraua izan zuten aukeran Errekara bertaratutako herritarrek. Denak bilduta, bazkaria jan zuten Errekako erretegian; hori egin aurretik, baina, hainbat ekintzez gozatzeko aukera izan zuten: hain zuzen, alborada, eskalada, umeentzako jolasak, zuhaitz landaketak eta poteoa izan ziren. Arratsalde partean, berriz, kamiseta urdina soinean, dantza apur bat egiteko aprobetxatu zuten txikitxoenek. Bitartean, nagusiek karta eta petanka txapelketetan parte hartu zuten. Gauean, ostera, musikagaz eta su artifizialekin agurtu zituzten jaiak.