Za! taldea, zuzenean
2008ko azaroan abiarazi zuten Leire Lopezek (Ibarrangelu, 1982) eta Ibon Rodriguezek (Santurtzi, 1978) Kafea eta galletak foruma, eta ordutik hutsik egin barik darrai proiektuak, disko entzunaldiak eta kontzertuak eskainiz tarteka-tarteka zaletuei. Slint taldearen
Spiderland diskoagaz eta Xabier Montoiaren kontzertuagaz ireki zuten eskaintza; eta urteak joan, urteak etorri, bosgarren denboraldira iritsi da Kafea eta galletak, eta bosgarren ikasturtea inauguratzeko, hiru talderen kontzertua dakar domeka honetan.
Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean jarri du hitzordua, 18:30ean, eta Don the Tiger, Caballo eta Za! igoko dira taula gainera. Ziluagak azaldu duenez, ez da Kafea eta galletak forumaren ohiko saio bat izango, ez baita disko entzunaldirik izango. Hori bai, aurreratu duenez, antolatutako lehenengo hiru saioen berri emango dute domekako aurkezpenean.
Don The Tiger Adrian de Alfonsoren proiektu pertsonala dela azaldu dute Kafea eta Galletak-en sustatzaileek. Bartzelonako (Herrialde Katalanak) hainbat taldetan aritutakoa da Adrian de Alfonso; Veracruz, Bestia Ferida, Capitan edota Homenatges, tarteko, eta «Lydia Lunch, Mark Cunningham edo Weasel Walter-en tamainako musikariekin jo du». Berlinen grabatu zuen Don The Tiger-en lehen diskoa, Canada argitaletxearekin. Disko horretan, «kantuak eta esperimentazioak bat egiten dute, eta definitzeko zaila den balada disko desitxuratua da emaitza».
Afrikako erritmoak
Cuchillo taldeko Israel Marcoren proiektua da, bestalde, Caballo, eta berorren bidez, «bere alderdi ilun, esperimental eta adierazgarriena erakusten du» Marcok; forumaren sustatzaileen arabera, «hipnotikoa, anbientala eta narkotikoa. Krautrocka, anbienta, noisea».
Azkenik, Papa Dupauk (gitarra, tronpeta, kalinba, perkusioak, ahotsak) eta Spazzfrica Ehd-ek (bateria, perkusioak, teklatuak, klarinetea, efektuak, ahotsak) osatzen dute Za! taldea. «Afrikako erritmoak, ahots loopak, free jazz-a, Tubako artzainen soinuak, Baliko polierritmoak, math rock-a, elektronika analogikoa, dadaismoa, distortsioa eta droneak elkartzen dira haien musikan».
Kafea eta galletak bezain besteko kontzertu gozoa, beraz, bosgarren denboraldia goitik aurkezteko.
Kafea eta galletak
- Noiz. Domekan, hilaren 29an, 18:30ean.
- Non. Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean.
- Taldeak. Don the Tiger, Caballo eta Za!.
- Prezioa. 5 euro.