'Korte bat, mesedez' liburuaz mintzatuko dira irakurleen txokoko lehenengo saioan
Beste behin ere, Bermeoko Udal liburutegiak eta Euskara Sailak irakurleen txokoa abiarazi dute. Ikasturte honetako lehenengo saioa urriaren 17an izango dela jakinarazi dute, eta saio horretan Goizalde Landabasoren Korte bat, mesedez liburuaren inguruan ariko dira parte hartzaileak.
Irakurleen txokoa ekimena hilean behin egiten dute, hileko hirugarren eguenean, hain zuzen ere. Saioak 18:30eatik 20:15era izaten dira liburutegian. Saio horietan interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskarazko liburu bati buruz hitz egiten dute. Liburuaz berba egiteko dinamizatzaile baten laguntza izaten dute eta partaideek liburuari buruzko iritziak ematen dituzte.
Ikasturte honetako irakurleen txokoan parte hartu gura duten horiek dagoeneko zabalik dute izena emateko epea. Urriaren 11a izango da horretarako azken eguna. Parte hartzea, gainera, doakoa da.
Irakurleen txokoaren bitartez, euskarazko literaturaren irakurzaletasuna sustatu gura da batetik, eta bestetik, euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera ematea. Bestalde, talde egonkor bat lortu gura dela azaldu dute, “partaideen eta dinamizatzailearen arteko konfiantza giroa sortuko duena”.