Herriko umeei zuzendutako hainbat ekintza eskainiko ditu Arratzuko Kultur Etxeak udazkenean
Gainontzeko herrietan bezala, Arratzun ere hainbat ikastaro gauzatuko dituzte udazkenean; hain zuzen, zinemaz gozatzeko, ipuin,bertso eta marrazki lehiaketetan parte hartzeko eta ingelesa lantzeko ipuinak entzun eta irakurtzeko aukera izango dute herriko umeek.
Zinema egunetan (urriak 10, azaroak 5 eta 21 eta abenduak 5), esaterako, liburutegian bilduko dira herriko haurrak Bichos, Up, Lucky Luke, Planet 53 eta Shreck bezalako filmak ikusteko.
Martitzen eta eguenetan, ostera, One More Story saioa egingo dute hiru urtetik gorako umeek, ingelesa lantze aldera, ipuinak entzun eta irakurriz.
Bestalde, ipuin, bertso eta marrazki lehiaketetan parte hartu ahal izango dute Arratzun erroldatuta dauden umeek. Gaia eta teknika librea izango dute eta beren lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 10a izango dute. Sari banaketa Gabonetan egingo dutela jakinarazi du udalak.
Gimnasia klaseak
Bestalde, Arratzuko Udaletik jakinarazi dutenez, urriaren 1ean berriro ekingo diote gimnasia klaseei Arratzun. Egun horretan, 20:00etan jarri dute hitzordua klaseetako monitoreagaz. Parte hartu nahi duten ikasle berriek 20 euro ordaindu beharko dutela azaldu du udalak.