Joan den urteko txapelketaren momentu bat
Gernika-Lumoko saski baloi talde garrantzitsuenak Bizkaia Elite Txapelketa jokatuko du asteburuan, Galdakaon. Gernika Bizkaiarenztat aurredenboraldiko lehen partidak izango dira asteburukoak. Hala, bertoko taldearen jokalari berriak ezagutzeko aukera izango dute Galdakaora doazen zaleek. Bizkaia GDKO (Galdakao), Rivas Ecopolis (Madril; Espainia) eta SPAR Unigirona (Girona; Herrialde Katalanak) dira txapelketa jokatuko duten gainontzeko taldeak. Hortaz, Gernika Bizkaia Bigarren Mailako talde bakarra izango da, gainontzekoek Lehen Mailan jokatzen baitute.
Txapelketaren lehen partida Galdakaoko taldearen kontra jokatuko dute gernikarrek. Hain zuzen, zapatuan neurtuko dituzte indarrak, 18:00etan. Ostean, Rivas Ecopolisek eta SPAR Unigironak bigarren finalaurrekoa jokatuko dute.
Domekan, bestalde, finalerako sailkapena lortu ez duten bi taldeak, hirugarren eta laugarren postuagatik borrokatuko dira. 10:30ean hasiko da norgehiagoka. 12:30ak aldera, bestalde, final handia jokatuko dute bi talde hoberenek.
Gernika Bizkaiak jakinarazi duenez, Malosten aldez aurretik erosi daitezke sarrerak. Partida bat ikustearren bost euro ordaindu behar dituzte interesatuek. Asteburuko partida guztiak ikusteko, bestalde, zortzi euro ordaindu behar dira.