Gazte langabetuei lana bilatzeko prozesuan laguntzeko, 'Good Job' proiektua jarriko dute martxan
Busturialdeko gazte langabetuei lana bilatzeko prozesuan lagundu asmoz, Good Job izeneko proiektua jarriko dute martxan Gernika-Lumoko eta Bermeoko Udaletako Gazteria Sailek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak.
Hain zuzen, Busturialdeko Gaztedi programaren baitan, eskualdeko 20 gazte langabeturi lagunduko die Good Job proiektuak, lau hilabetetan zehar. Lau fasetab burutuko dute aipatu proiektua, eta urriaren 3an emango diote hasiera Gernika-Lumoko Astra eraikinean, 19:00etan.
Parte hartzen dutenek euren burua «modu sakon batean ezagutzea» lortu gura dute proiektuaren sustatzaileek; «horretarako, autokritikarako gaitasuna eskuratuz». Hala, lan bilaketarako baliabide izango den aginte koadro pertsonala egingo dute, eta, horretarako laguntza ere jasoko dute. Bilaketa prozesuan zehar ere, laguntza jasoko dute aurreratu dute proiektuaren bultzatzaileek.
Hori horrela, Busturialdeko gazteekin lana bilatzeko haztegi bat eratzea dute helburu.
Martxan jarritako proiektua, plan pilotua baino ez da, momentuz, eta, gerora, Busturialdera zein gainontzeko eskualdeetara zabal daitekeen jardunbide gida bat izan daitekeela uste dute.
«Modu horretan, langabezian dauden gazteentzako eredu izango diren pertsona berriak lortu gura ditugu», azaldu dute Good Jobaren bultzatzaileek.
Faseak
Lehenengo fasea. Ordu biko erakartze saioa izango da; urriaren 3an, 19:00etan.
Bigarren fasea. Autoezagupenaren fasea; urriaren 15ean, 17an, 22an eta 24an, 15:00etatik 20:00etara. Lana bilatzeko orduan norbere ezaugarriak hobetzeko lagungarri izango diren izaera menperatzailea, bereganaturiko joerak eta hobetze bideak identifikatuko dituzte, Ennegrama teknikaz baliatuz.
Hirugarren fasea. Urriaren 31n eta azaroaren 5ean, 7an, 12an, 14an, 19an, 21ean eta 26an, 15:00etatik 20:00etara. Norbereganako konfiantza maila garrantzitsua lortzea bilatuko dute. Horretarako, aginte kuadro pertsonalizatua egingo dute.
Laugarren fasea. Aginte kuadro pertsonalizatu bakoitzaren jarraipena eta kontrola egingo dute.