Muxika
Euskaltegi homologatu batean euskara ikasteak (ikasi eta alfabetatu) suposatzen duen gastuari aurre egiteko diru laguntzak emango ditu Muxikako Udalak, eta baita inguruko udalerrietako eskola publikoetan musikaren arloko kurtsoetan matrikulatzeagatik ere, “betiere Muxikan ez bada antzekorik eskaintzen”. Baterako zein besterako, urriaren 1etik 15era egin beharko dira eskaerak.
Euskara arloko diru laguntzen kasuan, eskatzailea matrikula eguna baino lehenagotik udalerrian erroldatuta egon behar da ezinbestean, eta euskaltegi homologatu batean egin beharko du matrikula. Halaber, kurtsoaren %80 bete duela egiaztatu beharko du eskatzaileak. Udalak jakinarazi duenez, diru laguntza hauetan ez dira sartuko hizkuntza eskakizuna lortzeko edota perfekzionamendurako kurtsoak. 100 orduko edo gehiagoko iraupena dutenen kasuan, diru laguntza 100 eurokoa izango da, eta 100 ordutik beherakoen kasuan, 50 eurokoa. 2012ko
urriaren 1a eta 2013ko irailaren 30a artean amaitutako kurtsoen eskaerak hartuko dituzte kontuan.
Zubieta-Errotara eroan beharko dira eskatzailearen NANaren fotokopia, euskaltegiaren matrikulazio agiriaren kopia (ordaindutakoa agertu behar da) eta kurtsoaren %80 bete izanaren egiaztagiria.
Musika arlokoen kasuan ere eskatzailea diru laguntza eskatzeko epea bukatu baino lehenagotik udalerrian erroldatuta egon behar da. Bestetik, ikasketak egingo dituen persona adin txikikoa bada, familiako kide guztiak egon behar dira erroldatuta. Halaber, eskatzaileak 2013ko ikasturtean egon behar dira matrikulatuta. Diru laguntzaren zenbatekoari dagokionez, matrikulazio gastua jasoko du eskatzaileak.
Eskaera horiek ere Zubieta-Errotara eroan beharko dira, NANaren fotokopiagaz eta matrikulazio egiaztagiriagaz (ordaindutakoa agertu behar da) batera. Adinez txikikoen kasuan, familia liburuaren kopia bat ere aurkeztu beharko da.