Bermeoko txokoei buruzko dokumentala grabatzen ari diren suadiarrei harrera egin diete gaur
Bermeoko alkatea goizeon suediarrekin Mision txoko proiektua abiarazi du Suediako profesional talde batek. Domekan iritsi ziren Bermeora eta hilaren 15era arte bermeotarren artean ibiliko dira. Herriko txokoak, gastronomia eta ohiturak hurbil-hurbiletik ezagutzen ari dira. Gaur bertan Idurre Bideguren Bermeoko alkateak harrera egin diete eta gure herriarengan agertu duten interesa eskertu die. Hala ere, Bermeok jaiak baino gauza gehiago dituela aipatu die, itsasoari lotuta dagoen herria dela gogorarazita
Aita Guria baleontziaren dendan batu dira guztiak eta bertoko zenbait produktu dastatzeko aukera izan dute; txakolin mota desbardinak, bokartak edota bakailoa, besteren artean.
- Bermeoko alkatea goizeon suediarrekin
Bermeon “pozik eta gustora” dabiltzala azaldu dute. Askok lehen aldiz bisitatu dute herria, beste zenbaitek, aldiz, dagoeneko ezagutzen zuten, eta herria eta herritarrak “maite” dituztela diote. Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako egitarauko jardueretan parte hartzen ari dira. Atzo, modu berezian bizi zuten arrantzale eguna. Bermeotarren modura, mahoizko arropak eta zapiak jantzita atera ziren kalera eta arrantzaleei egindako omenaldian parte hartzeko aukera izan zuten. Suediarren erronka nagusia bisita honetan sukalkia da. Txapelketan parte hartu gura dute eta hilabeteak daramatzate sukalkian aurkezteko prestatzen; izan ere, sukaldari famatu bat dago taldearen baitan. Egun hauetan, txokoetan sukalkia zelan prestatzen duten ikusteko aukera izango dute.











