Jizz Jazz kultur taldeak antolatutako XVI. Jazzber jaialdia izan da aurtengoa, eta beste behin be “pozik” agertu dira antolatzaileak; izan be, dagoeneko “finkatuta” dagoen jaialdia dela uste du Jizz Jazzeko kide Joseba Verdesek. Aurreko urteetan moduan, “jende asko hurbildu da kontzertuak ikustera. Urteekin arrakasta hartu duen jaialdia da eta jendeak be ondo erantzuten du”, dio.

Carlos Velasco Quintet taldea
Bermeon dauden gainontzeko kultur ekitaldien moduan, “jazz jaialdi hau be, bat gehiago modura hartzen da, finkatuta baitago”. Busturialdean egiten den jazz jaialdi bakarra da Jazzber, eta hori “garrantzitsua” dela aipatzen du: “gero eta jende gehiago hurbiltzen da inguruko herrietatik, Bakiotik, Gernika-Lumotik edo bertotik ibiltzen diren turistak be”, dio Verdesek.
Jaialdiak, gainera, Euskal Herriko zein nazioarteko jazza entzuteko aukera eskaintzen du: izan be, hiru kontzertuetako bat Euskal Herriko talderen batena izaten da. Gainontzeko biak, Getxoko jazz jaialdiko antolatzaileekin koordinatutakoak izaten dira. Modu horretan, hamen be, “nazioarteko jazza bermatzen dugu, eta balio handiagoa emoten diogu jaialdiari”.
Aurtengo kontzerturik jendetsuena eguaztenekoa izan zela azaldu du Verdesek, hain zuzen be, Carlos Velasco Quintet talde euskaldunarena: “Asteburua hurbiltzen doan heinean, jende gutxiago hurbiltzen da. Horregatik, erabaki genuen jaialdia astean zehar antolatzea”. XVI. Jazzber jaialdia amaituta, datorren urtera begira jarrita dago Jizz Jazz kultur taldea, “minimoak eginda ditugu, hau da, bidea eginda dugu. Halanda be, urtero urtero, barritasunak sartzen ahalegintzen gara”. Datorren urterako zenbait ideia badituzte buruan, baina Verdesek, momentuz, ez du ezer aurreratu gura.