Urdaibai Centerreko bisita bat
Gaur egungo eskaintza handituko du Gautegiz Arteagako Orueta auzoan dagoen Urdaibai Bird Centerrek, uztailaren 1etik aurrera bisita autogidatuak egiteko aukera emango baitu. Hortaz, aurten, bisita gidatuen bitartez ez ezik, modu autonomoan be ezagutu ahal izango da hegaztiei buruzko zein hegaztien migrazio eta habitatei buruzko ikerketan eta dibulgazio zientifikoan aritzen den zentroa, autogida zerbitzuari esker.
Irailaren 15era arte emango dute bisita gidatuetan parte hartzeko aukera, egunero, 11:30etik aurrera. Egun bikoitietan euskara izango da bisiten lehentasunezko hizkuntza, eta bakoitietan gaztelera. Astelehenetan, aldiz, zentroa itxita egongo da.
Ordubete eta erdiko iraupena edukiko dute bisita gidatuek, eta zentroko teknikariek gidatuko dituzte. Besteak beste, Urdaibairi buruzko azalpenak eta zentroak martxan dituen proiektuen inguruko argibideak emango dituzte. Autogidak baliatzea erabakitzen dutenek euren kabuz egingo dute bisita.
Hogei pertsona onartuko dituzte taldeko, eta, beraz, kopurua mugatua izango denez, erreserba aldez aurretik egiteko gomendioa egin du Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen zentroak. Horretarako, 699-839 202 telefonora deitu beharko da, edo birdcenter@birdcenter helbide elektronikora mezu bat bidali.
Salneurriak
Bisita arruntak 8 euro balio duen artean, bisita autogidatuek 5 euroko salneurria edukiko dute. 5 urtetik 12 urtera arteko umeek, dena den, 2 euro ordaindu beharko dituzte –4 euro bisita gidatuen kasuan–. Baterako zein besterako, 4 urtera arteko umeek ez dute ezer ordaindu beharko.
Beste alde batetik, ordutegia be zabalduko du Urdaibai Bird Centerrek, «Urdaibai biosfera erreserbara uda sasoian datozen bisitariek zentroa bisitatzeko aukera izan dezaten». Hala, martitzenetik domekara bitartean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo dela zabalik aurreratu dute.